KORONABIRUSA
80.979 langileri eragiten diete aldi baterako lan-erregulazio espedienteek EAEn
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaia da zifra handienak dituen lurraldea, 36.706 langileri eragiten dieten 5.581 aldi baterako lan-erregulazio espedienterekin.
10.635 aldi baterako lan-erregulazio espediente aurkeztu dira EAEn koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz. 80.979 langileri eragiten diete, hau da, joan den asteartean baino 17.738 gehiagori, Lan Zuzendaritzak sindikatuei eta patronalari igorritako informazioaren arabera.
Lurraldeka, Gipuzkoan 3.462 aurkeztu dira, 25.561 langileri eragiten dietenak; Bizkaian, 5.581 (zifra handienak dituen lurraldea), 36.706 langilerekin; eta, Araban, 1.592, 18.712 langileri eragiten dietenak.
Zifra horiekin, orain arte, 80.979 langileri eragin diete enpresek koronabirusaren eraginaren aurrean aurkeztu dituzten 10.635 aldi baterako lan-erregulazio espedienteek. Zenbakiek gora egin dute egunez egun, astearteko datuekin alderatuta 17.738 langile eta 1.703 espediente gehiago izan baitira.