Koronabirusa
Azpikontratatutako beharginen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatu du ELAk
Agentziak | Erredakzioa
"Azpikontratatutako enpresen aldetik azken astean gertatzen ari diren iruzur egoeren aurrean", zaintza "zorrotz" betetzeko eskatu die sindikatuak Jaurlaritzari eta herri-administrazioei.
ELA sindikatuak azpikontratetako beharginen enplegua eta lan-baldintzak bermatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta Foru Aldundiei, koronabirusak eragindako alarma-egoerak irauten duen bitartean.
Ohar baten bidez nabarmendu duenez, "langile-klasea pairatzen ari den unea hain zaila delarik", herri-administrazioak berarentzat lan egiten duten beharginen lan-baldintzak babestu behar ditu, baita bitarteko enpresen bidez (azpikontraten bidez) ari direnean ere.
Hori dela eta, "ezin da onartu azpikontratatutako beharginei enplegua, lan-baldintzak zein soldata eskubideak murriztea".
"Azpikontratatutako enpresen aldetik azken astean gertatzen ari diren iruzur egoeren aurrean", zaintza "zorrotz bete" dezatela eta aldi baterako langileei "kontratua eteteko asmorik onar ez dezatela" eskatu die ELAk Eusko Jaurlaritzari eta administrazio publiko ezberdinei, "dagoeneko halako egoerak gertatzen ari baitira".
Halaber, "erabaki politiko bat" hartzeko eskatu die erakundeei, "azpikontratatutako langileek soldataren % 100 jaso dezaten, aparteko ordainsariak barne, eta haien egoerak ez dezan kalterik eragin hartu beharreko urteko opor-egunei dagokienez".
Helburu horrekin, ELAk dagokion informazio guztia eskatuko du EAEko herri-administrazioetan, kontrata bakoitzaren egoera zein den jakiteko eta, egungo alarma-egoeran, "enpresak diru publikoari esker bidegabe aberastea saihesteko".