KORONABIRUSA
Espainiako Gobernuak kaleratzea debekatu du COVID-19aren krisiak iraun bitartean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Ezin da COVID-19a aprobetxatu kaleratzeko", adierazi du Yolanda Diaz Lan ministroak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Gobernuak kaleratzeak debekatzea erabaki du koronabirusaren krisiak iraun bitartean, Yolanda Diaz Lan ministroak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez.
"COVID-19a ezin da baliatu kaleratzeko", adierazi du Diazek, eta debekua, atzeraeraginik gabe, gaurtik aurrera ezarriko dela azaldu du.
"Salbuespenezko mekanismo bat ezarri dugu, oso zabala, baliabide publiko askorekin", adierazi du Diazek aldi baterako lan-erregulazioei erreferentzia eginez, kaleratzea beharrezkoa izan ez dadin.
Neurri horrekin batera, aldi baterako kontratuak, prestakuntzakoak, errelebokoak eta behin-behinekoak barne, osasun krisia amaitu arte indarrean mantentzea adostu du Espainiako Gobernuak.
Langabezia saria aldi baterako lan-erregulazioa tramitatu duen enpresaburuak berak zuzenean eska dezan mekanismoak zehaztea adostu du gobernuak. Horrek izapideak arinduko ditu, langileek lehenbailehen kobratu ahal izan dezaten.
Horretarako, inprimaki bat prestatuko dute, enpresek langileen datuekin betetzeko.
"Langabeziagatiko prestazioak oso azkar onartuko ditugu", esan du Diazek, eta behar adina kotizatu ez dutenek ere badutela prestazio hori jasotzeko eskubidea gogorarazi du, eta kontagailua hutsean jarriko dutela.
Era berean, Lan Ikuskaritzak zeregin aktiboa izatea erabaki da aldi baterako lan-erregulazioen kontrolean, eta alegatutako arrazoiak egiaztatzeaz arduratzea, ez-betetzeen kasuan enpresek jasotako zenbatekoen zehapenak edo itzulketak erreserbatuz.