Itxi

Koronabirusa

Nortzuek joan behar dute lanera?

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Orain arte oinarrizkotzat jo dituzten esparruetako langileek joan behar dute, segurtasun-indarretako eta osasungintza, nekazaritza eta garraio sektoreko langileek, besteak beste.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasun arloko langileak, banketxeetan aritzen diren beharginak, banatzaileak edo supermerkatuko kutxazainak dira astelehen honetan lanera joan beharko duten kolektiboetako batzuk, Espainiako Gobernuak koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko onartutako neurri murriztaile berriak indarrean sartu ostean.

Dena dela, errege lege-dekretuan salbuespen gisa aurreikusten ez diren enpresei jarduera behar bezala eten ahal izateko aukera emango die gaur Exekutiboak. Horrek, industria batzuei eta eraikuntzari eragin diezaieke batez ere. Izan ere, hasieran kontrakoa zirudien arren, eraikuntza, siderurgia eta metalurgia ez dira ageri funtsezko jardueren artean. Etxe partikularretan zaintzan aritzen direnek ere lan egin beharko dute, baina garbiketan aritzen direnek, berriz, ez.

Gauerdia baino zertxobait lehenago Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) argitaratutako errege lege-dekretuaren arabera, ondorengo langile hauei ez zaie aplikatzen Espainiako Gobernuak onartutako baimen ordaindu berreskuragarria:

- Premiazko ondasun eta zerbitzuak ekoizteko eta banatzeko zentroetan aritzen diren langileak. Oinarrizkotzat hartzen dira elikagaiak, edariak, animalien elikadura, higienerako produktuak, sendagaiak, osasun arloko produktuak eta osasuna babesteko beharrezkoa den beste edozein produktu. Horrela, jatorritik azken kontsumitzailearengana iristea ahalbidetzen da.

- Janaria etxera eramateko zerbitzuak eskaintzen dituzten ostalaritzako eta jatetxeetako jardueretan aritzen diren langileak.

- Osasun zentroetan beharrezkoa den teknologia, materiala eta ekipamendua ekoizteko eta banatzeko katean zerbitzuak ematen dituzten langileak.

- Manufaktura-industriako ekoizpen-jarduerak mantentzeko ezinbestekoak diren jardueretan lan egiten dutenak, funtsezko jarduerak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren hornidurak, ekipoak eta materialak eskaintzen baitituzte.

- Pertsonen zein merkantzien garraio-zerbitzuetan aritzen diren langileak, baldin eta alarma-egoera ezarri zenetik lana garatzen jarraitzen badute.

- Espetxeetan, babes zibilean, itsas salbamenduan, salbamenduan eta suteak prebenitzen eta itzaltzen, meatzeen segurtasunean, trafikoan eta bide-segurtasunean zerbitzuak ematen dituztenak. Halaber, segurtasun pribatuko enpresetan lan egiten duten pertsonak, baldin eta segurtasuneko garraio-zerbitzuak, alarmen aurreko erantzun-zerbitzuak, txanda-zerbitzuak edo aldizkako zaintza-zerbitzuak ematen badituzte, herritarrei funtsezko zerbitzuak bermatzeko.

- Indar armatuen materiala eta ekipamenduak mantentzen laguntzen duten ezinbesteko jardueretako langileak.

- Osasun arloko zentroetan lan egiten dutenak, bai eta adinekoak, adingabeak, mendekotasunak zein desgaitasunak dituzten pertsonak artatzen dituztenak. Horrez gain, COVID-19 gaitzari aurre egiteko ikerketa eta garapen zentroetan lan egiten dutenak, eta instalazio horien gutxieneko zerbitzuak mantentzeko eta ikerketa garatzeko beharrezkoak diren produktuak hornitzen dituzten enpresetako beharginak ere. Halaber, hileta-zerbitzuetan eta horrekin lotutako beste jarduera batzuetan lan egiten duten pertsonak.

- Animaliei osasun-arreta emateko zentroetan lan egiten dutenak.

- Prentsa-saltokietan eta komunikabideetan edo titulartasun publiko zein pribatuko albiste-agentzietan zerbitzuak ematen dituztenak, bai eta produktu horien inprimaketan edo banaketan parte hartzen dutenak ere.

- Finantza-zerbitzuetako enpresetan lan egiten dutenak (banketxeak, aseguruak eta inbertsioak barne); betiere ezinbestekoak diren zerbitzuak eta ordainketa-azpiegituren eta finantza-merkatuen berezko jarduerak emateko.

- Telekomunikazio eta ikus-entzunezko enpresetan eta funtsezko informatika-zerbitzuetan lan egiten dutenak, bai eta horiek ahalbidetzen dituzten sare eta instalazioetan nahiz horien funtzionamendu egokia ziurtatzen dihardutenak, bereziki zerbitzu publikoak behar bezala emateko ezinbestekoak direnak.

- Genero-indarkeriaren biktimen babesarekin eta arretarekin lotutako zerbitzuak ematen dituzten pertsonak.

- Abokatuak, prokuradoreak, lan-harremanetako graduatuak, itzultzaileak, interpreteak eta psikologoak, baldin eta parte hartzen duten jarduera bertan behera geratu ez bada.

- Lege-bulego eta aholkularitzetan, gestoria administratiboetan eta lan-arriskuen prebentzioan zerbitzuak ematen dituzten langileak, soilik premiazko kasuetan.

- Notariotza eta erregistroetan funtsezko zerbitzuak betetzen dituztenak.

- Garbiketako, mantentze-lanetako, premiazko matxurak konpontzeko eta zaintzako zerbitzuak ematen dituztenak, bai eta honako arlo hauetan aritzen direnak ere: hondakin arriskutsuak, hiri-hondakinak, ur-hondakinen kudeaketa eta tratamendua, deskontaminazio-jarduerak eta hondakinen kudeaketan, garraioan eta kentzean.

- Errefuxiatuak hartzeko zentroetan eta immigranteen aldi baterako egonaldietarako zentroetan lan egiten dutenak. Horrez gain, Migrazioen Estatu Idazkaritzak diruz lagundutako kudeaketa pribatuko erakunde publikoetan lan egiten dutenak.

- Ur-horniduran, arazketan, garraioan, edangarritasunean eta saneamenduan lan egiten duten pertsonak.

- Meteorologia iragartzeko eta behatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuak ematen dituztenak.

- Estatuak izendatutako operadoreak emandako posta zerbitzuko langileak, posta-zerbitzu unibertsala bermatzeko soilik (jaso, onartu, garraiatu, sailkatu, banatu eta entregatu).

- Osasun arloko materialaren inportazioan eta horniduran parte hartzen duten sektoreetan zerbitzuak ematen dituztenak, hala nola logistika, garraioa, biltegiratzea, aduana-zirkulazioa eta, oro har, osasun-korridoreetan parte hartzen duten guztiak.

- Internet, telefono edo korrespondentzia bidez erositako produktuak banatzen eta entregatzen lan egiten dutenak.

- Alarma-egoera ezartzeko baliatu zen errege lege-dekretuan garraioa, aduanak, energia, petrolio eta gas hornidura bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren azpiegitura kritikoetan lan egiten dutenak.

- Oinarrizkotzat jotako zerbitzuetan lan egiten duten beste edozein sektoretako beharginak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Albisteak (4)

Bideoak (1)