Koronabirusa
Eduardo Zubiaurre: "Gobernu zentrala mehatxua eta gaitasunik ezaren adibide da"
Radio Euskadi | Erredakzioa
Confebaskeko presidenteak gogor egin du Espainiako Gobernuaren eta haren errege lege-dekretuaren aurka. "Kaosean eta ziurgabetasunean murgilduta gaude", esan du.
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak gogor egin du Espainiako Gobernuaren eta haren errege lege-dekretuaren aurka, funtsezkoa ez den lan jarduera eten baitu.
"Kaosean eta ziurgabetasunean murgilduta gaude", adierazi du Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" irratsaioan. "Gobernu zentrala gaitasunik ezaren eta ezintasunaren adibide da", gaineratu du.
EAEko patronalaren ordezkariaren ustez, egungo egoera "amesgaiztoa da, eta beste maila bateko agintariekin esnatzea gustatuko litzaiguke". Egoera "kafkiarra" dela esan du, eta "arazo sozial, laboral eta ekonomiko handia" dela ulertzeko kontzientzia eskatu du, "zuzendaritzan dagoenak ez duelako argitasun handirik eta erabaki kaltegarriak hartzen dituelako".
Zubiaurrek enpresaburuaren "kezka" azaltzen du: "Gaixotasun larri bat duzunean medikuak ezin dizu suizidioa gomendatu". Pedro Sanchezen gobernua "zaindu beharreko mehatxu gogorra" dela esan du. "Irudi izugarria ematen ari gara. Munduak funtzionatzen jarraitzen du ", deitoratu du Zubiaurrek.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.