Koronabirusa
Tapia: "Industriaren itzuleran lehentasuna langileen osasuna da"
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak nabarmendu duenez, jarduerari berriro ekiteko araudi eta protokolo guztiak ahalik eta gehien zaindu behar dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astearte honetan ohiko jarduerara itzultzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresetan langileen osasunak erabateko lehentasuna izan behar duela nabarmendu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, eta, horretarako, lantokietan segurtasun neurriak zorrozteko eskatu die arduradunei.
Astelehen honetan Gernikako Maier lantegira egindako bisitaren ostean, sailburuak "hibernazioaren etapa" amaitu dela ziurtatu du, eta, ondorioz, funtsezkoa ez den euskal industriaren jarduerari berriro heltzeko ordua dela gaineratu du.
Tapiaren ustez, itzulera horretan, "jarduerari berriro ekiteko araudi eta protokolo guztiak ahalik eta gehien zaindu behar dira, batez ere urruntzea beteko dela bermatuz eta higiene-neurriak mantenduz, astearte honetan lanean hasiko diren beharginen segurtasuna eta osasuna erabateko lehentasuna baita".
"Bigarrena jarduera ekonomikoa berreskuratzea da, etorkizunerako ezinbestekoak diren osasun eta ekonomia baldintzak bermatzea ahalbidetuko diguna", gaineratu du.
Azkenik, egunean zehar, garraio publikoa puntako orduetatik kanpo erabiltzen saiatzea gomendatu du sailburuak, eta prebentzio distantziak mantentzeko eskatu du.