Itxi

Pandemia

Euskotrenek zerbitzu berezia ematen die etxean lo egiten ez duten osasun langileei

agentziak | erredakzioa

Derioko Seminario Hotelean dauden Osakidetzako langileek, eta Debagoienekoek, dagoeneko badaukate autobus zerbitzu berezi hori.

Osakidetzako langileak. Argazkia: EiTB

Euskotren garraio enpresa publikoak autobus zerbitzu berezia eskaintzen die senideak ez kutsatzeko etxetik kanpo lo egiten duten Osakidetzako langileei. Hala, autobus garraio berezia ematen die lo egiten duten lekutik osasun zentrora joateko.

Igandean hasi zen zerbitzua Bizkaian, Derioko Seminario Hoteletik Galdakaoko Hospitalera, eta atzo Debagoienako osasun zentroetan lan egiten duten profesionalei zabaldu zieten, konpainiak jakinarazi duenez.

Osasun eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailen artean adostutako neurria da, "sektoreko profesional ugarik lantokira joateko zuten garraio beharrari" erantzuteko.

Deriotik Galdakaora doan garraioaz gain, gaur beste lau ibilbide jarri dituzte martxan Debagoienara joateko: Gasteiz-Arrasateko Ospitalea-Oñatiko Osasun zentroa-Bergarako Osasun zentroa; Donostia-Zarautz-Arroa-Arrasateko Ospitalea; Bilbo-Durango-Elorrio-Arrasateko Ospitalea; eta Eibar-Soraluze-Bergara-Arrasateko Ospitalea.

Oraingoz, zerbitzu honek apirilaren 30era arte iraungo du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Albisteak (1)