Pandemia
168.000 langile baino gehiago daude erregulazio txostenen eraginpean EAEn
agentziak | erredakzioa
Gaur eman dituzten datuen arabera, 24.552 dira Eusko Jaurlaritzari aurkeztu dizkioten aldi baterako lan erregulazioko txostenak.
Aldi Baterako Lan Erregulazioko Txostenen eraginpean dauden langile kopurua 168.804ra iritsi da EAEn, aurreko asteazkenean, Aste Santuaren aurretik, baino 3.000 gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak jakinarazi duenez.
Alarma egoeraren ondorioz aurkeztu diren txostenen kopuruak gora egin badu ere, azken egunotan mantsotu egin da abiadura.
Gaur zabaldu dituzten datuen arabera, Eusko Jaurlaritzari aurkeztu dizkioten txostenak 24.552 dira jada.
Lurraldeka, Bizkaian, 80.424 langileri eragiten dieten 12.637 txosten aurkeztu dituzte; Gipuzkoan, 54.000 langileri eragiten dieten 8.424 txosten; eta Araban, 34.380 langileri eragiten dieten 3.510.
Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuaren hitzetan, txostenen % 24,8 industrian aurkeztu dituzte, % 23,8 ostalaritzan, eta merkataritzan eta ibilgailuen konponketan % 17,3.
Gainera, txosten ia guztiak, % 95, "ezinbesteko kausa" argudiatuta aurkeztu omen dituzte.