Koronabirusa
Aburto: "Inork ez daki zer gertatuko den BBK Live eta Aste Nagusiarekin"
Radio Euskadi | Erredakzioa
Bilboko alkateak ez dio uko egiten Zorrotzaurre lanei edo AHTaren sarbideari, baina finantzaketa gizarte, merkataritza eta kultura sailetara iraultzea eskatu du.
"Bilbok egunotan duen irudia tristea da", esan du Juan Mari Aburtok. Bilboko alkatea kezkatuta dago "ziurgabetasuna, aholkulari txarra delako", eta osasun publikoak eta ekonomikoak "egoerak konpondu eta ondorioak gutxitzeko" lan egiten dihardutela gaineratu du.
Hiriko hirugarren sektorea egoera zailean dagoela azaldu du. "Merkataritza eta ostalaritza ukituta daude. Alokairuak zama bat dira, asko itotzen ari dira. Asteak daramatzagu sektorearekin lanean, neurri sorta bat diseinatzeko, jarduerari berrekitea hain traumatikoa izan ez dadin".
Aburtok aitortu du Bilboko ekitaldi handiak arriskuan daudela, eta osasun agintarien erabakiei baldintzatuta: "Ez dakigu zer gertatuko den BBK Livekin edo Aste Nagusiarekin. Zerbait egiteko aukera badago, horretan lan egingo dugu". Europako beste eredu batzuk behatzen ditu, eta "normaltasunera itzultzea" pandemia aurreko etaparen desberdina izango dela aitortu du.
Bestalde, alkateak azaldu duenez, onartu berri diren aurrekontuak aldatu beharko ditu Udalak. "Zerga bilketa erori egingo da. Aurrekontua murrizteko eta berregokitzeko jardunak behar ditugu: zerga arloa, saltoki eta ostalarientzako programak, kultur sektorea eta gizarte ekintza indartzea". Hala eta guztiz ere, "ez die uko egiten" AHTren sarbideari eta Zorrotzaurreko birmoldaketari, baina "hilabeteetako" atzerapenak izango direla onartu du.
Bizkaiko zahar egoitzetan COVID-19k eragindako ehunka hildakoen inguruan galdetuta, Aburtok ez du inolako autokritikarik egin: "Harro egon behar dugu gure gizarte zerbitzuez. Ikusi behar da zertan hobetu daitekeen". Haren ustez, "ez da langileen kopurua handitzea planteatzeko unea, zergekin ordaindu behar delako".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.