Koronabirusa
Nafarroako Volkswagen lantegia itzuli da jarduerara
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzaren gehiengoak abenduaren 31ra arte indarrean egongo den aldi baterako lan-erregulazio berria aurkezteko akordioa lortu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Volkswagen enpresa gaur, astelehena, itzuli da ekoizpen-jarduerara, Alemaniako zentralak autoen urteko ekoizpena murrizteko agindua eman duen arren. Aurten 306.645 auto ekoiztea aurreikusi zuten urtearen hasieran, baina, koronabirusaren eraginez ezarritako murrizketa berri horren ondorioz, 253.714 auto ekoiztea espero dute orain.
Nafarroako Volkswageneko instalazioetan langileen ordezkariekin egindako bileran, zuzendaritzak zehaztu du ekoizpen-programaren murrizketa berriak "fabrikazioari pixkanaka berrekiteko eta ekoizpenaren lehen asteak berrantolatzeko aukera" ematen diola lantegiari.
Gauzak horrela, aste honetan bi eguneko ekoizpena baino ez da egongo: astelehenean eta ostegunean (biak goizeko txandan, 06:00etatik 14:00etara). Gaur, lehen txanda arituko da lanean, eta ostegunean, bigarrena. Astearte eta asteazkenean, berriz, produkziorik gabeko egunak izango dira, eta lehen eguneko funtzionamendua aztertzeko eta, behar izanez gero, laneko eta segurtasuneko prozedurak hobetzeko neurriak hartzeko erabiliko dituzte, enpresak ohar batean jakitera eman duenez.
Horrez gain, Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak azaldu duenez, maiatzaren 4tik aurrera eta bi astez, goizeko ordutegian bakarrik arituko dira lanean, 06:00etatik 14:00etara, lehen txandaren eta bigarren txandaren arteko eguneroko txandakatzearen formularekin.
Bestalde, Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzaren gehiengoak (UGT, CCOO, ELA eta CCP, hau da, enpresa-batzordearen % 82,7) aldi baterako lan-erregulazio berria aurkezteko akordioa lortu zuten ostiralean. LABek eta CGTk, ordea, uko egin diote akordioa sinatzeari, enpresako zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ildo horretatik, aldi baterako lan-erregulazio berria 2020ko abenduaren 31n amaitzea adostu dute bi aldeek.
Espediente hori antolaketa-arrazoiak (plantilaren osasuna zaintzeko) eta ekoizpen-arrazoiak (hornitzaileen, autoak biltegiratzeko guneen eta kontzesionarioen egoera dela eta) argudiatuta aurkeztuko dute.
ELA sindikatuaren arabera, aldi baterako lan-erregulazio berria "ildo berekoa" da, eta hiru zutabetan oinarritzen da: langileen osasuna babesten jarraitzea, ekoizpenaren antolakuntza modu mailakatuan egin ahal izatea eta garbiketa sakonagoak bermatzea.