KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritzak PCR probak egingo dizkie ontziratzen diren arrantzale guztiei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dagoeneko 545 arrantzaleri eta lonjetan lan egiten duten 29 profesionali egin zaizkie analisi horiek.
Eusko Jaurlaritzak PCR probak egingo dizkie ontziratzen diren arrantzale guztiei, lanaren nolakotasunek sortzen dituzten zailtasunengatik, hola nola, lanerako espazio mugatuagatik eta arrantzan aritzeko egin behar dituzten maniobrengatik.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, dagoeneko 545 arrantzaleri eta Hondarribiko, Getariako eta Pasaiako kofradietako lonjetan lan egiten duten 29 profesionali egin zaizkie analisi horiek.
Gipuzkoako baxurako flota horretan egindako testen % 100ak emaitza negatiboa eman du koronabirusean.
Datorren ostirala eta larunbata bitartean, Bizkaiko lonjetako arrantzaleei eta bestelako profesionalei proba horiek egitea aurreikusi dute. Guztira, zazpi ontzitako langileei dagozkien 110 test egingo dira.
Tapiak aurreratu du birusa atzemateko PCR probak alturako arrantzako profesionaletara ere zabalduko direla. Hala, astearte honetan egingo diete proba Pasaiako Egunabar bakailaoko 26 tripulatzaileei, portu horretatik abiatuko baitira Norvegiako eta Terranovako uretan lau hilabeteko zeharkaldia egiteko.
Halaber, ostiraletik larunbatera bitartean, Frantziako iparraldeko kostaldean arrantzan ari diren arraste-ontziak sartuko dira Ondarroako portuan. Ondarroan basea duten 12 ontziko 120 tripulatzaile dira, eta PCR proba egingo diete hurrengo itsasaldiari ekin baino lehen.
Maiatzaren bigarren hamabostalditik aurrera 250 arrantzalek osatzen duten xaxiango flota, Iparraldeko hegaluzearen arrantzan aritzen dena, pixkanaka itsasoratzen joango dela azaldu du.
Marea oso luzeak direnez eta batzuen eta besteen artean etenaldi laburrak daudenez, tripulazioari PCR testa egitea aurreikusten da ontziratze bakoitzaren aurretik.
Ekainaren amaieran iparraldeko hegaluzearen kostaldera joango diren 600 arrantzaleek ere proba egingo dute.
Era berean, Tapiak zuzentzen duen saila zain dago atunontzi izozgailuen flotak noiz baieztatuko duen tripulazioen erreleboa, behin Osasunarekin koordinatuta dagozkion PCRak egiteko.