Itxi

Koronabirusa

Arcelor Mittalek 50-100 langile kaleratu nahi dituela iragarri du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Koronabirusaren pandemia dela eta, aldi baterako lan-erregulazioa aurkeztu zuen multinazionalak, baina agintariek atzera bota zuten justifikatuta ez zegoela ebatzita.

Arcelor Mittalek Agurainen duen lantegia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

Arcelor Mittalen zuzendaritzak 50-100 langile kaleratu nahi dituela jakinarazi die sindikatuei, aldi baterako lan-erregulazioa aplikatu ez izanak eragin dizkion balizko galera ekonomikoei aurre egiteko.  

LAB sindikatuak ohar batean azaldu duenez, koronabirusaren pandemiagatik aurkeztu zuen aldi baterako lan-erregulazio plana ukatu ostean, multinazionalak behin-behineko beste espediente bat erregistratu nahi du, baina oraingoan "arrazoi objektiboak" argudiatuta.

Plan hori Estatuan dituen hamaika lantegietarako izango litzateke, 8.236 langileri eragingo lieke eta urtebetez egongo litzateke indarrean, baina oraindik ez dute argitu lanaldian zein ondorio izango duen.

Oraingoz, enpresak ez du neurri horren ondorioak arintzeko inolako osagarri ekonomikorik eskaini, ez die sindikatuei dokumenturik helarazi, baina "negoziatzeko borondatea" agertu du.

Enpresak dio gastuak % 46 murriztu behar dituela, baina LABek ohartarazi du langileena gastu guztiaren % 8-10 baino ez dela.  

"Aldi baterako lan-erregulazio hori ez da beharrezkoa eta ez dago justifikatuta. Gainera, duela hamaika urte onartutako beste lan-txosten bat aplikatzen jarraitzen du", salatu du.

Horrez gain, Arcelorrek Euskal Herrian dituen lantegietan jarduera % 100ekoa dela azpimarratu du LABek. "Langileak gehiago zigortzea da enpresaren helburu bakarra", erantsi du.

Albisteak (2)