Koronabirusa
Euskal Herrian ekonomia ekologikoa bultzatzearen aldeko manifestua aurkeztu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ia 350 irakaslek eta ikertzailek garapen eredua aldatzea eta COVID-19ak sortutako krisiaren ondoren eredu ekologiko baten aldeko hautua egitea proposatu dute.
COVID-19 gaitzak sortutako krisiari irtenbide ekologikoa ematearen alde agertu dira Euskal Herriko 350 aditu.
Hain zuzen ere, "COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde" izenburupean, 25 unibertsitate eta ikerketa zentrotako 345 irakaslek eta ikertzailek manifestu bat plazaratu dute larunbat honetan. Tartean daude, besteak beste, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, PAUko Unibertsitateko (Baiona-Bordele) adituak, baita BC3, Stanford edo Cambridge unibertsitatekoak ere.
Aitortu dutenez, aurretiaz Herbeheretan 170 adituk babestutako antzeko ekimen batean oinarritu dira euren proposamena aurkezteko.
Hala, agiria sinatu dutenek lehentasunezko bost jarduera-ildo proposatu dituzte garapen-eredua ekonomia ekologiko baterantz aldatzeko:
Lehendabizikoa, "Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea. Gizarte-ongizatea areagotzeko haz daitezkeen funtsezko sektoreak eta ingurumenean eragiten dituzten inpaktuengatik azkar murriztu behar direnak bereiziz".
Bigarrena, "muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea. Hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna lehenetsiz, hurrengo belaunaldientzat zor onartezin bat sortu ez dadin".
Horrez gain, "ingurumen-fiskalitate progresiboa" ere bultzatzen dute. Euren asmoa da "kutsadura eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena albo batera uztea, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko, beharrezkoa den trantsizio ekologikoa finantzatzeko".
Laugarren puntu gisa "nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea" sustatzen dute, laborantza ekologikoan oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko.
Azkenik, "azpiegitura handietan eta garraiobide jasanezinetan oinarritutako mugikortasun-eredua alde batera uztea" planteatzen dute, motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa lehenetsiz.
Agiria babestu dutenen aburuz, egungo garapen-ereduak "naturaren suntsitzearen beharra du, gero eta inpaktu eta ingurumen-desoreka handiagoak sortzen dituelarik, horri lotuta dauden kostu sozial larriak areagotuz".
Ondorioz, "biodibertsitatea zaintzea, jendearentzat bizi-asegurua" dela irizten diote, "sekula ez gastua".
Horregatik guztiagatik, "premiazko ekintza zorrotz" batek lagundutako ikuspegi integralaren beharra azpimarratu dute, ekonomia ekologikoan oinarritutako COVID-19aren osteko mundua planifikatzeko, baita Euskal Herrian ere: "Ezin gara atzean gelditu. Kalkula ezineko kostua lukeen akats estrategikoa litzateke erronka hauei ez heltzea. Euskal Herriko etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta gauden pertsonak garenez, uste dugu jarraibide horiek gizarte iraunkorragoa eta bidezkoagoa ekarriko dutela, balio positiboetan oinarrituta natura eta pertsona guztiak errespetatzeko pentsatuak daudelako. Etorkizuneko belaunaldientzat inbertsiorik onena dela sinetsita gaude", gaineratu dute.