Koronabuloak
Langile autonomoek ez dituzte prestazioak itzuli beharko, maiatzaren 4an irekita ere
EITB
Astelehenean negozioa berriro abiatzen badute ere, langile autonomoek ez dituzte itzuli behar jarduera eteteagatik Espainiako Gobernuarengandik jasotako diru-laguntzak.
Astelehen honetatik, maiatzak 4, euren negozioak berriro ireki nahi dituzten langile autonomoek ez dituzte jarduera eteteagatik jasotako diru-laguntzak itzuli beharko, ezta martxoaren 14az geroztik ordaindu ez zituzten Gizarte Segurantzako kuotak ere.
Sare sozialetan zabaldutako mezu baten arabera, maiatzaren 4tik aurrera jarduera ekonomikoari ekiten dioten autonomoek Espainiako Gobernuarengandik jasotako diru-laguntza horiek itzuli beharko dituzte. Hortaz, alarma egoerak iraun bitartean, negozioak ez irekitzeko gomendatzen du mezu horrek.
Informazio hori okerra dela ebatzi du egunotan Maldita.es-ek (Maldito Bulo atalak,). Mezu hori ezeztatzeko, Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak apirilaren 30ean zabaldutako oharrera jo du Maldita.es-ek. EiTB horrekin ari da harremanetan egunotan, #Koronabuloak ekimenaren bitartez, COVID-19aren pandemia honetan koronabirusari buruz sortzen ari diren fake news edo albiste faltsuei aurre egiteko.
"Jarduera eteteagatik ezohiko prestazioa jaso dutenek eta deseskalatzearen hasieran euren negozioa berriro ireki ahal dutenek diru-laguntza hori jasotzen jarraituko dute alarma egoera amaitzen den hilabetearen azken egunera arte", dio Lan Ministerioaren prensa-oharrak. Gainera, "aldi baterako Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzetik libratu egingo dira".
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurru horiei aurre egiteko.