Koronabirusa
Krisia gainditzeko PFEZ eta sozietateen gaineko zerga igotzea eskatu du Confebaskek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dagoeneko bidali dio proposamena Eusko Jaurlaritzari. Patronalak ez du zehaztu aldi baterako igoera zenbatekoa izango litzatekeen, ezta noiz arte ezarri nahiko lukeen ere.
Koronabirusaren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) eta sozietateen gaineko zerga aldi baterako igotzea proposatu dio Confebaskek Eusko Jaurlaritzari.
Ekonomia suspertzeko hainbat proposamen biltzen dituen dokumentua helarazi dio patronalak EAJ-PSE Gobernuari. Confebasken esanetan, krisia gainditzeko zorpetzea ezinbestekoa izango da, eta zor hori itzuli ahal izateko "denbora tarte zehatz batean zergak igotzea beharrezkoa izango da".
Horrela, bada, PFEZ eta sozietateen gaineko zergen igoera proposatzen du, eta goraka orokorra izango ez dela eta gehien duenak gehiago ordainduko duela esaten du.
Neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Europako beste herrialde batzuetan ere –Alemania aipatu du adibide gisa- ezarri izan dela ere azpimarratu du. Alabaina, patronalak ez du argitu igoera zenbatekoa izango litzatekeen, ezta noiz arte egon litzatekeen indarrean.
Horrez gain, beste hainbat proposamen ere egin ditu Confebaskek, hala nola, Elkargiren laguntzak 1.500 milioi euroraino handitzea, enpresa txiki eta ertainen nahiz autonomoen beharrizanei erantzuteko; eta krisi garaian ahalik eta enplegu gehien mantentzeko eta baliabide gutxien dituzten kolektiboei laguntzeko neurri zehatzak hartzea.
Susperraldiaren bigarren faserako, 2021ean, plan zehatzak abiaraztea proposatzen du, besteak beste, barneko jarduera, inbertsioak eta enpresen nazioartekotzea bultzatzeko eta arazoak dituzten enpresak erreskatatzeko.
Halaber, osasun eta biozientzia sektoreak hornitzeko tokiko kate bat garatzea planteatzen du.