Itxi

Bigarren lan-erregulazioa

Michelinek irailaren 15era arte luza daitekeen 70 eguneko lan-erregulazioa adostu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gasteizko lantegiko 3.500 langileri eta Lasarteko (Gipuzkoa) lantegiko 500 behargini eragingo die.

Gateizko Michelin lantegia. Argazkia: EiTB

Michelin pneumatikoen fabrikatzaileak irailaren 15era arte luza daitekeen 70 eguneko bigarren aldi baterako lan-erregulazioa onartu du, honek, Estatuan dituen 7.500 langileri eragingo dielarik. Gasteizko lantegiko 3.500 langileri eta Lasarteko (Gipuzkoa) lantegiko 500 behargini eragingo die.

Lan-kontratuak etetearen prozedura kolektiboaren ondorioz, koronabirusaren pandemiak jardueretan eragindako galerei aurre egin nahi dio enpresak. Kamioientzat pneumatikoak egiteko jarduera % 30 jaitsi dela, eta autoentzat egiten diren pneumatikoena %70 murriztu dela adierazi du fabrikatzaileak. 

Aldi baterako lan-erregulazioaren baldintzak, jai egunak, garrantzi bereziko egunak eta bestelakoak, negoziaketa mahaian egin diren lau bileretan erabaki dira, CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez, komunikatu ezberdinen bitartez. Lan-erregulazioak ezingo du irailaren 15a baino haratago joan.

"Lanpostuak bermatzea izan da lehentasuna. Akordioan, hitzarmen kolektiboan azaltzen den guztia errespetatuko dela argi geratu da, lanpostuak mantendu eta berrituko direlarik, azaldu dio EFE Agentziari Jose Ignacio Leniz Michelineko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak.

Maiatzaren 18an hasiko da aldi baterako lan-erregulazioa, Aranda de Duero (Burgos), Lasarte (Gipuzkoa), Valladolid eta Gasteizko lantegietan. Ekainaren 1etik aurrera gehituko dira lan-erregulaziora Almeriako Esperientzia Zentroa, Tres Cantoseko (Madril) merkataritza-guneko lantegia, Illescaseko (Toledo) banaketa zentroa, eta Valladolideko Ohiko Bulegoak.

Akordioarekin bat, Michelinek bermatu egiten ditu langile bakoitzaren soldataren % 80 arte iristeko diru-laguntzak, Estatuko Lan Zerbitzu Publikotik jasotakoa portzentaje horretara ez bada iristen. Lan-erregulazioak ez die eragingo urteko oporren sortzapenei, ezta udako soldata estrari. Uztailaren 1etik aurrera aplikatzen diren aldi baterako lan-erregulazioetako txanden soldata estraren sortzapenei soilik eragingo die.

Aldi baterako lan-erregulazioak ez die eragingo errelebo kontratuan eta erretiro prozesuan dauden langileei, ezta aitatasun edo amatasun baimenak dituztenei, edoskitzaroan daudenei, edota eszedentzia boluntarioa eskatuta dutenei. Instalazioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren langileei eta ekainaren 30etik aurrera langabezia laguntza jasotzeko aukera duten langileei ere ez die eragingo.

Bestalde, LAB sindikatuak ez du lan-erregulazio hau onartu, soldata baxuenak dituzten sektore ahulenei eragingo baitie, eta azpikontratetako langileek ez baitute inolako bermerik. CCOO, CSI eta UGT sindikatuek zuzendaritzarekin lortu duten akordioari buruz, hauxe esan du LABek: "Akordio honek ez ditu lanpostuak bermatzen etorkizunean ezta epe ertainean". Gainera, kritikatu egin du LAB aldi baterako lan-erregulazioaren jarraipenetik kanpo utzi izana, Lasarteko lantegian ordezkari gehien dituen sindikatua izanda.

Albisteak (3)