Koronabirusa
Jaurlaritzak 15 milioi euro bideratuko ditu merkataritza eta turismoa suspertzeko
agentziak | erredakzioa
Negozio bakoitzeko gehienez 3.000 euroko diru-laguntza emango dute. Laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia publiko egiten den unetik hasita.
Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euroko ezohiko plana onartu du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkatariei laguntzeko eta turismoa suspertzeko asmoz.
Sonia Perez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak adierazi duenez, programa horren bidez koronabirusak eragindako larrialdi-egoeran galerak izan dituzten negozioak eta turismo-sektorea aurrera ateratzen lagundu nahi dute.
Aurrekontuaren erdia (7,5 milioi euro) merkataritzara bideratuko dute, eta gainerakoa turismora. Horrela, bada, laguntzak bi sektore horietako autonomoei eta enpresa txikiei zuzenduta egongo dira.
Laguntzak jasotzeko ezinbestekoa izango da alarma-egoeragatik jarduera etenda eduki izana edo salmentan % 75eko galera pairatu izana.
Diru-laguntzak, besteak beste, establezimenduaren hipotekaren kuotak edota alokairua ordaintzeko erabiliko dira, hiru hilabetez jarraian, alarma-egoera ezarri zen unetik eta 2020ko abuztuaren 31 bitartean.
Laguntza nola eskatu
Negozio bakoitzeko 3.000 euroko laguntzak emango dituzte gehienez. Eta laguntza jasotzeko gutxienez 750 euroko gastuak izan behar dira.
Laguntza hori beste subentzio batzuekin bateragarria izango da, betiere diruz lagundutako kontzeptuaren kostua ez badu gainditzen.
Laguntza telematikoki eskatu beharko da eta horretarako epea hilabetekoa izango da. Deialdia datozen egunetan egingo dute publiko eta orduan hasiko da eskaera egiteko epea.
Ohiko agiriez gain, bestelako dokumentuak ere eskatuko dituzte, hala nola, laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko paperak.