Itxi

Koronabirusa

Mila lagunek baino gehiagok ostalaritza babestu dute Bilbon, manifestazioan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Deseskalatze-prozesuan tabernak eta kafetegiak irekitzeko baldintzengatik protestatu dute.

Manifestazioak Bilboko Kale Nagusia zeharkatu du. Argazkia: EFE.

'Hosteleria en Pie de Guerra' plataformak mila lagun baino gehiago batu ditu arratsaldean Bilbon, Kale Nagusia zeharkatu duen manifestazio batean; manifestazioaren helburua izan da COVID-19aren pandemiagatik dekretatutako alarma-egoerako deseskalatze-prozesuan tabernak eta kafetegiak irekitzeko baldintzengatik protestatzea.

Manifestazioa 20:30ean abiatu da, Bilboko Plaza Biribilatik. Ezkerraldeko, Eskuinaldeko, Bizkaiko Meatzaldeko eta Bilboko Alde Zaharreko ostalariak izan dira, eta euren saltokien izenak erakutsi dituzte, hainbat kartelatan.

Maskarak aldean zituztela, eta segurtasun-tartea zainduta, manifestazioaren burua Moyua Plazara iritsi da; orduan, parte hartu duten azken ostalariek oraindik Plaza Biribilatik irten gabe zeuden.

Txalo artean, ondorengo mezuak erakutsi dituzte: "Ostalaritza borrokan", "Bankariari lagundu zenioten, lagundu ostalariari", "Aukera hauek ez dira konponbideak", edo "Ostalaritzaren heriotza, Gobernua eman irtenbidea".

Halaber, hau oihukatu dute: "Tabernak ez dira hiltzen, hiltzen dituzte", "Tabernarik gabe ez dago bizitzarik auzoan", edo "Erakundeok, irtenbide gehiago".

Konfinamendua malgutzeko 1 fasean (igandera arte izango da indarrean Euskadin), ostalaritza baimendutako terrazen % 50 ireki ditzake, baina ez tabernetako eta kafetegietako barnealdea; astelehenean hasiko den 2 faserako, Eusko Jaurlaritzak proposatu dio Espainiako Gobernuari barnealdea ere ireki ahal izatea, % 50ean, betiere bezeroak mahaian egonda, eserita, eta bi metroko tartea zainduta. Beraz, autozerbitzua eta barra-zerbitzua ez lirateke baimenduta egongo.

Jaurlaritzaren esanetan, neurri hori proposatzen dute “nahasmendu txikiagoa izan dadin”, eta edukiera berdina izan dadin lokaleko barnealdean eta kanpoaldean.
 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Albisteak (1)