Araba
Tubacexeko zuzendaritzak 150 kaleratze aurreikusi ditu Laudion eta Amurrion
agentziak | erredakzioa
ELAk eta LABek salatu dute ez dagoela arrazoi ekonomikorik horretarako, eta Tapia sailburuari aurpegiratu diote atzo langileak babestu ez izana, eta baita konpainiaren erabakia kritikatu ez izana ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Tubacexeko zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko lantegietako enpresa batzordeei 2021etik aurrera urtean 10 milioi euro aurrezteko beharra planteatu die, hau da, bi lantegien artean 150 lanpostu kentzea.
Hodien fabrikazioan aritzen den talde horretako zuzendaritzako ordezkariak enpresa batzordeekin bildu dira asteazken honetan, lan kostuak 10 milioi murriztu behar dituztela jakinarazteko, bi lantegien arteko 150 kontratu deuseztatzearen pare, baina aurrezteko helburua lortzeko "beste bide batzuk" bilatu daitezkeela ziurtatu dute.
Hala azaldu dute konpainiako iturriek, atzo talde osoan 500 lanpostu kenduko dituztela iragarri ostean. Guztira % 20 murriztu nahi dituzte lan kostuak, 25 milioi euro, eta horietatik 10 Arabako lantegiei dagozkie.
Zuzendaritzak langileen ordezkariei azaldu dienez, egoera hori ez da koronabirusaren osasun krisiaren ondorio, "lehenagotik zetorren", petrolioaren krisiak eta merkatuen gainbeherak bultzatuta.
Izan ere, duela hiru hilabete goi-zuzendarien soldatak murriztu zituzten jada, eta Laudioko eta Amurrioko 600 langileei aldi baterako erregulazio txostena ezarri zieten, beren merkatua% 50 jaitsi delako azken urteotan.
Petrolioaren prezioaren jaitsiera, hodi ekoizleentzat funtsezkoa den sektorea, ziurgabetasun handia eta "presio lehiakorra" dira krisi horren arrazoiak, Tubacexen arabera.
Konpainiak Espainiako Estatuko, Austriako eta Italiako kostu handiko lantegietan kontzentratu nahi du balio erantsi handiko ekoizpena, ohiko produktuak Asian ekoitziko diren bitartean.
Aurtengo lehen hiruhilekoan 1,6 milioi euroko galerak izan ditu pandemiaren ondorioz, eta 2019ko epe berean 1,8 milioiko irabaziak izan zituen.
Burtsan kotizatzen duen Tubacex enpresak Espainiako Estatuan, Austrian, Italian, AEBetan, Indian eta Thailandian ditu ekoizpen plantak, eta Saudi Arabian, Dubain eta Norvegian, Grupo NTS enpresaren bitartez.
Planteamendu hori ikusita, ELA sindikatuak ohar batean gogorarazi du Tubacexek azken urteetan "milioi askoko irabaziak" izan dituela, eta osasun krisia baliatu nahi izatea leporatu dio "era guztietako murrizketak" gauzatzeko; horregatik, lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko borrokatuko dela iragarri du.
ELAk Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak atzo Tubacexeko zuzendaritzarekiko gaitzespen hitzik ez izatea eta langileei babesa ez ematea ere gaitzetsi du. Hala, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio enpresa horretan edozein motatako murrizketak eragozteko.
LABek ere salatu du Tubacexen kaleratzeak ez direla arrazoi ekonomikoen ondorio, "enpresa estrategia" batengatik baizik, "langile merkeak izatea" ahalbidetuko dion lan harreman eredu bat ezartzeko. Era berean, enpleguari eutsiko zaiola bermatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.