Bilbon
Pentsiodunek zahar-etxeetarako irtenbideak eta pentsio duinak galdegin dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak esan du orain lehentasuna osasun publikoa eta gizarte-zerbitzuak bermatzea dela, baina azpimarratu du 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzen jarraituko duela.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, Bilbon astelehen honetan egindako manifestazioan, ohartarazi dute pentsiodunek ez diotela lehentasuna eman, "egungo osasun-egoeran", pentsioak aldezteari, baizik eta "egoitzetan jazotakoari, osasun publikoari edo zerbitzu publikoei"; hori bai, euren asmoa da pentsioen gaineko euren eskariak "ez ahaztea, edo eskari horiei erantzuna emateko epea asko ez luzatzea".
Hala esan du Jon Fano ordezkariak, Bizkaiko hiriburuan, manifestazioaren hasieran. Antolatzaileen esanetan, 4.000 lagunek hartu dute parte bertan, eta gainerako mobilizazioetan erabili izan duten pankarta erakutsi dute, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko goiburuarekin. Manifestariek lau ilara egin dituzte, errepidean, segurtasun-tarteari eutsi diote, eta maskarak zeramatzaten.
Protestan, Bizkaiko beste hainbat udalerritako ordezkariak izan dira: Ezkerraldekoak, Eskuinaldekoak, eta beste eskualde batzuetakoak ere. Halaber, Bilboko Konpartsetako ordezkaritza bat ere izan da.
"Zailtasunak ari gara izaten, ingurumen-zailtasunak eta beste mota batzuetakoak ere; besteak beste, zabaldu den beldurra, eta ohartarazpenak. Hala ere, nahiz eta agian norbaitek zalantzarik zuen, astelehen honetan manifestazio polita egin dugu, berriro ere. Euskadiko pentsiodunen mugimenduak bere eskariekin aurrera egiteko asmoa du, eta hori erakutsi egin dugu", esan du Jon Fanok.
Berretsi duenez, mugimenduak eskatzen ditu "erantzukizunak, neurriak eta konponbideak, egoitzetako egoerarako eta adinekoentzako arretari dagokionez"; izan ere, pandemiak "ezin du aitzakia izan pentsioen gainean dauden eskariak alde batera utzi edo ahazteko".
"Garrantzitsuena, egun, elkartasuna agertzea da, hildakoak izan dituzten senide guztiei eta arreta-zerbitzu guztiei", azpimarratu du. Dena den, esan duenez, "halaber, eta inork ez dezala zalantzarik egin: pentsioak aldezteari inondik inora lehen tokia eman gabe, ez dugu nahi gure eskariak alde batera gera daitezela, edo horientzako erantzuna eperik gabe luza dadila".
"Inork ez du guk baino interes handiagorik gure osasunaren alde egiteko"
Pentsiodunen Mugimenduko Andrea Uñak, azken agiria irakurri duenean, parte-hartzaileak zoriondu ditu, erakutsi baitute "kalea eta borroka gureak direla"; gogora ekarri duenez, "inork ez du guk baino interes handiagorik gure osasunaren alde egiteko, eta hori da oinarrizko gure eskarietako bat".
"Hori dela eta, jarraitzen dugu salatzen mendekotasuna duten adineko pertsonentzako egoitzak ez direla oraindik leku ziurra, eta ez dituztela hartu neurriak prebenitzeko, pandemiari jarraipena egiteko, gelak egokitzeko, lan-baldintzak hobetzeko, edo langile gehiago kontratatzeko. Hori, pandemia hasi zenetik sei hilabete igaro direnean".
"Pandemia ezin da aitzakia izan, pentsioetako sistema publikoaren eta pentsio publiko duinen aldeko gure eskariak ahazteko", esan du; horrez gain, gaitzetsi du "lan-erreforma eta pentsioen erreforma" ez dituztela indargabetu: "Pentsio publikoak hondatu egiten dituzte erreforma horiek".