Itxi

Defizita murrizteko

Nafarroako aurrekontuak 190,6 milioiko murrizketa izango du

Erredakzioa

Hasiera batean aurreikusitakoa (327,27 milioi) baino txikiagoa izango da murrizketa. Hezkuntza Departamentua izango da gutxien ukituko dutena, baina NUPek 4 milioi gutxiago jasoko ditu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroako Gobernuak aurrekontuen murrizketa adostu du gaur eta hori horrela, 2011ko aurrekontuan 190,6 milioi euroko murrizketa egingo dute aurtengo defizita BPGren % 1,3ra jaisteko. Aurrekontuaren 1.334 partidari eragingo die murrizketak, eta batzuk 2011n egingo diren arren, beste batzuk 2012an gauzatuko dira.

Gobernuak azaldu duenez, murrizketa horrekin kontu publikoen oreka lortzeko esfortzu handiena egina izango dute. Era berean, aurten 61,76 milioi aurreztea aurreikusi dute eta 41,9 milioi euro ere gehituko dizkiote aurrezkiari aurrekontuaren % 1 exekutatu gabe utzita.

Neurri horiekin 294,3 milioi euroko murrizketa lortu nahi dute abenduaren 31rako, defizita % 1,3ra jaisteko. Hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa da murrizketa, hasieran 327,27 milioi eurokoa izango zela baitzioten, baina zerga bitartez diru gehiago jasoko dute.

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak eta Roberto Jimenez presidenteordeak aurkeztu dituzte neurriak prentsaurreko batean.

Murrizketaren % 61,3 2011n eta % 38,7 2012an

Gobernuak egin behar duen murrizketaren zati handiena, % 61,3 (116,8 milioi euro), aurtengo aurrekontuaren gastuak murriztuz egingo dute. 2012rako utziko dute murrizketaren % 38,7, 73,8 milioi euro.

Murrizketa gutxien jasango duten departamenduak Hezkuntza (1,5) eta Osasuna (%3,6) dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hala ere, 4 milioi euro gutxiago jasoko ditu.

Albisteak (1)

Bideoak (1)