KORONABIRUSA
Ikasgeletera itzulera seguru bat eskatzeko greba deitu dute irailaren 15erako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikasle ratioak jaistea eta horren araberako kontratazioak egitea eskatu diote Hezkuntza Sailari. Mobilizazio gehiago egitea ere ez dute baztertu.
Ikasgeletara itzulera "seguru eta adostu bat" eskatzeko, greba deitu dute euskal hezkuntzako sindikatu guztiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO y UGT) irailaren 15erako, eta ez dituzte mobilizazio gehiago baztertu.
Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute mobilizazio eguna azaltzeko eta Hezkuntza Sailaren "inprobisazioa" salatzeko. Euren hitzetan, Uriartek buru duen Sailak prestatutako COVID-19 protokoloa "onartezina eta arduragabea da, alde bakarrekoa eta adostu gabea. Berandu heldu da eta ziurgabetasun iraunkorra eragin du langileengan, ikasleengan eta familiengan".
Bost sindikatuetako bozeramaileek ikasleen ratioak jaistea eskatu diote Hezkuntza Sailari. Ikasgelako gehienez 10-15 ikasle egotea eta bakoitzak hiru metro koadroko espazioa izatea galdegin dute.
Horretarako, ezinbesteko jo dute irakasle gehiago kontratatzea, baita garbitzaile, jantokiko eta autobuseko begirale gehiago ere. Ez dute zehaztu zenbat kontratazio egin beharko liratekeen, baina Hezkuntza Sailak iragarritako 1.000 horiek nahikoak ez direla azpimarratu dute.
Horrez gain, pasadan ikasturtean sortutako "arrakala pedagogiko, sozial, teknologikoak gainditzeko" eta "euskara indartzeko" neurriak eskatu dituzte.
"Ikasturte presentzialaren aldekoak gara baina egoera epidemiologiko kezkagarri batean gaude, eta ikasgeletara itzulera seguru bat bermatzeko neurri eraginkorrak beharrezkoak dira", esan dute. Miren Zubizarreta ELAko bozeramaileak erantsi duenez, "eskolaren zeregina ez da gurasoen kontziliazioa bermatzea".
Hezkuntza Sailak eman dezakeen erantzunaren arabera, sindikatuek ez dute baztertu mobilizazio gehiago, tartean greba mugagabe bat, egitea.