Itxi

sector bancario

Bankiak eta Caixabankek bat egiteko negoziazioak baieztatu dituzte

AGENCIAS | REDACCIÓN

Leer en Castellano

Oraingoz ez da horri buruzko akordiorik lortu, eragiketa baloratzeko informazioa trukatzeko konfidentzialtasun-akordio bat sinatzeaz gain.

Espainiako banku sektoreko operaziorik handiena izango litzateke bi hamarkadatan. Argazkia: eitb.eus

Bankiak eta Caixabankek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi diotenez, bat egiteko aukera aztertzen ari dira, baina oraingoz ez dute akordiorik lortu, Espainiako bankuen sektorean azken bi hamarkadatan izan den operaziorik handiena izango litzatekeena.

"Balizko eragiketa estrategikoen ohiko azterlanaren esparruan" eta hainbat hedabidetan argitaratutako hainbat informaziori erantzunez, Bankiak Caixabankekin "harremanetan" daudela berretsi du, Administrazio Kontseiluaren ezagutza eta baimenarekin, "bi erakundeen arteko bat-egite eragiketaren balizko aukera" aztertzeko.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari igorritako ohar batean, gaineratu du Bankiaren gobernu-organoei "azterketari eta analisiari ekiteko proposamen bat helarazi zaiela", bere Administrazio Kontseiluak "dagokion erabakia hartu ahal izan dezan, horretarako aholkulari egokiekin batera".

Halaber, Caixabankek jakitera eman duenez, Administrazio Kontseiluak baimena eman ostean, Bankiarekin negoziatzen ari da, bi erakundeen arteko bat-egitea aztertzeko.

Oraingoz, adierazi du ez dela horri buruzko akordiorik lortu, eragiketa baloratzeko informazioa trukatzeko konfidentzialtasun-akordio bat sinatzeaz gain.

Operazioaren berri izan duten iturriek Efe albiste-agentziari jakinarazi diotenez, bat-egite hori gauzatzen bada, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako egungo presidentearen esku geratuko da finantza erakunde berriaren presidentetza.

Bestalde, Gonzalo Gortazar Kataluniako kontseilari delegatuak kargu bera izango du bat-egitearen ondoren sortutako bankuan.

Balizko operazioa sekretupean gorde dute, eta Jordi Gual Caixabankeko egungo presidentearen irteera ekarriko luke, iturri beraren arabera.