Itxi

Koronabirusa

Ikuskizunen sektoreko profesionalek kultura segura dela aldarrikatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

"Alerta Gorria" lelopean, teknikariak eta ikuskizunen antolatzaileak kalera atera dira pandemiaren eraginez egoera larria bizi dutela salatzeko eta erakundeei irtenbideak eskatzeko.   

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ikuskizunak antolatzen dituzten enpresetako langileak kalera atera dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, "Alerta Gorria" lelopean, kultura segurua dela aldarrikatzeko eta sektore horretan premiazko neurriak har ditzatela eskatzeko.   

Bilbon, manifestazioa Moyua plazan abiatu da. Ehunka lagun bildu dira, denak beltzez jantzita. Tartean izan dira, besteak beste, Zea Mays taldeko musikariak eta ikuskizunak antolatzen dituzten Innevento eta Tarima enpresetako ordezkariak.  

Plazan sartzeko nork bere sarrera erakutsi behar izan du, tenperatura hartu ondoren. Hiru ilaratan jarrita eta segurtasun tartea mantenduz egin dute manifestazioa Bilboko kaleetan barrena. Iñigo Hermosilla argi-teknikariak esan du mobilizazio honekin frogatu dutela ekimen seguruak antolatzeko ahalmena badutela.  

Pademiaren ondorioz, sektore horretan “egoera muturrekoa” dela ohartarazi dute eta gobernuei laguntza eskatu diete, beste sektore batzuekin egin dute moduan. Ildo horretan, ezinbestekotzat jo dute kultur ekimenak eta ikuskizunak berriro abiaraztea, batez ere tokian tokikoak.

Martxa San Mames ondoan amaitu da. Halaber, Euskalduna Jauregiaren eta Olabeagako “Amestu” eraikinaren fatxadak gorriz argituta egon dira egun guztian.

Iruñeko manifestazioa Baluarte plazatik abiatu da, soinu eta argi ekipamenduen kutxei bultzaka joan dira ehunka langile. Nafarroako Parlamentura iritsi direnean fatxada gorriz argitu dute.

Acople enpresako bozeramaileak esan du aurten hitzartuta zituzten kontzertu gehienak bertan behera utzi behar izan dituztela. “Guri aplikatzen dizkiguten osasun neurri zorrotzak ez dituzte beste sektore batzuetan ezartzen; berdintasuna nahi dugu”, kritikatu du.  

Eta ondoko galdera egin du: “Autobusean ezagutzen ez duzun pertsona baten ondoan joatea posible da, baina galarazita dago antzokira segurtasun neurriekin joate. Zergatik?”.

Gauzak horrela, arazo honetan ardura duten administrazioekin eta kultura, aisialdia eta turismo sektoreetako eragileekin bilera bat transbertsal bat egin nahi dutela iragarri dute.

 

Bideoak (1)