Itxi

DOKUMENTAZIOA

Telelana arautzen duen lege berriaren gako nagusiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Errege Lege Dekretu batek arautzen du telelana Hego Euskal Herrian. Telelana borondatezkoa da eta atzera egin ahal da, eta enpresek baliabideak eta tresnak eman beharko dizkiete langileei.

Bi ordenagailu eramangarri, mahai baten gainean. Artxiboko argazkia: EFE

Telelana edo etxetik lan egitea Errege Lege Dekretu batek arautzen du Hego Euskal Herrian. Telelana borondatezkoa izango da, atzera egiteko aukera egongo da, eta enpresak gastu batzuk hartu beharko ditu bere gain.

Hauek dira telelanari buruzko legearen gako nagusiak:

1. Borondatezkoa eta itzulgarritasuna

Telelana borondatezkoa izango da bai langilearentzat eta baita enplegu-emailearentzat ere. Horrez gain, atzera egiteko aukera izango da, beti ere, hitzarmen kolektiboan edo bi aldeen arteko akordioan jasotakoaren arabera.

2. Betoa kaleratzeei

Langileak urrutitik lan egiteari uko egitea, aurrez aurreko lanera itzultzea eta telelanera egokitzeko zailtasunak izatea ez dira kaleratzeko edo lan baldintzak nabarmen aldatzeko arrazoiak izango.

3. Gutxieneko egun kopurua

Telelanari buruzko araudia aplikatzeko langileak gutxienez asteko lan-orduen % 30 edo gehiago egin beharko ditu hiru hilabetez edo horren baliokidea kontratuaren iraupena hiru hilabete baino gutxiagokoa denean.

4. Akordio indibiduala

Aipaturiko % 30aren harira, enpresak banakako akordio bat sinatu beharko du langilearekin. Lan kontratuan bertan sartuta egon daiteke edo osterantzean aurrerago ere sar daiteke, baina beti ere etxetik lanean hasi aurretik egin beharko da.

5. Gastuak

Telelanaren gastuak enpresak bere gain hartu beharko ditu eta ezingo du langilearentzat gain-kostu bat izan.

Banakako akordio horrek telelana gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoen eta tresnen inbentarioa jaso beharko du. Horrez gain, beharginak etxetik lan egiteagatik dituen gain-kostuak zerrendatu beharko ditu eta baita horiek enpresak nola ordainduko dituen ere. 

6. Telelana salbuespen gisa

Lege berria ez zaie aplikatuko koronabirusak eragindako egoera dela-eta etxetik lanean ari diren beharginei. Horiei, lan-araudi arrunta aplikatuko zaie.

Dena dela, enpresek langileen eskura jarri beharko dituzte horiek beren eguneroko lana burutu ahal izateko behar dituzten bitartekoak. Horien mantenua ere enpresari dagokio, baina hitzarmen kolektiboak zehaztuko du enpresak langilearen gain-kostuak ordaindu behar dituen ala ez.

7. Tratu berdintasuna

Telelana egiten ari diren langileek eskubide berdinak izango dituzte eta, beraz, ez dute beren lan-baldintzetan aldaketarik jasango (ordainsaria, egonkortasuna, lanaldia, ordutegia, formazioa eta lan promozioa).

8. Deskonexio digitala

Etxetik lanean ari direnek deskonexio digitalerako eta atsedenerako eskubidea dute. Horrek lanaldia errespetatzea eta ordutegiaren erregistroa egitea esan nahi du.

9. Enpresaren kontrola

Enpresak langilea "zelatatzeko eta kontrolatzeko" neurriak hartu ahal izango ditu, behargina bere betebeharrak betetzen ari dela egiaztatzeko, beti ere horren duintasuna urratu gabe.

10. Telelanaren mugak

Langilea adingabea denean edota praktiketako kontratu kasuetan, telelana gehienez ere % 50ekoa izango da.

Albisteak (1)

Bideoak (2)