KORONABIRUSA
Bilbok izoztu egingo ditu 2021eko udal zergak eta tasak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zergadunentzat dauden onura fiskalak eta ordaintzeko erraztasunak ere mantenduko dira.
Bilboko Udaleko osoko bilkurak gaur onartu du, hasiera batean, 2021eko udal zergak eta tasak beren horretan uztea. Beraz, indarrean jarraituko dute gaur egungo ordenantza fiskalek. Horrekin batera, zergadunentzat dauden onura fiskalak eta ordaintzeko erraztasunak mantenduko dira.
Azken hilabeteotan egoera ekonomikoak izan duen bilakaera aztertu ondoren egin da proposamen hori, COVID-19aren pandemiak eragin duen jarduera orokorraren geldialdiaren ondorioz. "Horri gehitu behar zaio Bilboko herritarrei eta uriko enpresasareari laguntzeko borondatea", esan du Bilboko Udalak prentsa ohar batean.
"Neurri honen bidez, zergei eusteko ahalegina egingo da udal-sarreren diru-bilketan beherakada handia izan den une honetan, baina, era berean, aukera ematen du azken urteetan Udalak hartutako konpromisoarekin jarraitzeko, udal-kontu saneatu batzuk finkatzeko, zergadunari karga gehiago eragin gabe". gaineratu du.
Udal araudiari jarraituz, 2021eko zerga eta tasen izoztea hurrengo osoko bilkurak berretsi beharko du.
Bilboko Udalaren osoko bilkura. Argazkia: Bilboko Udala.