Berreraikuntzarako programa
Galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta beste 135.000 sustatzeko 10.000 milioi euro
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Elkargiko bazkideen Batzar Nagusiari hasiera eman dio Miramon teknologia parkean, Donostian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadiren Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako Programa iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan. Datozen lau urteetan planak 10.000 milioi euro bideratuko ditu galdutako lanpostuak berreskuratzeko eta beste 135.000 sutatzeko.
Urkulluk Elkargiko bazkideen Batzar Nagusiari hasiera eman dio Miramon teknologia parkean, Donostian.
Programaren ardatzak astearteko Gobernu Kontseiluan aurkeztuko dituzte. Lehendakaritzak, Lan eta Enplegu Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zuzenduko dute.
Datorren hilean Kontzertuaren Batzorde Mistoaren eta Finantzen Euskal Kontseiluaren akordioak izatea espero du Urkulluk, baita “ziurtasun handiagoa” ere Next Generation EU funtsen eta proiektuak aukeratzeko irizpideei dagokienez. Hori guztia oinarri eta ekarpenak kontuan hartuta programa urrian onartzeko asmoa du lehendakariak.
Lehendakariaren hitzetan, programak “gure baliabide, gaitasun eta sendotasun guztiak batuko ditu aurrerapen eta ongizatezko etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko”.
Pandemiak EAEko ekonomia “astindu du”, agintariak onartu duenez. Urkulluren ahotan, “2019an Barne Produktu Gordinak % 2,2 gora egin ondoren, birusak hazkundea geldiarazi du, 2020ko bigarren hiruhilekoan beherakada nabarmenarekin: % 19,5”.
“Mugikortasunari ezarritako mugek kontsumoari zein inbertsioari eragin diete”, erantsi du. Gainera, aldi baterako lan-erregulazioei esker “BPGren beherakadak ez du lan merkatuan isla bera izan”, azpimarratu duenez.
“Guztira, 188.000 pertsona baino gehiago aldi baterako lan-erregulazioan izan dira noizbait eta, abuztu amaieran, % 80 lanera itzuli ziren dagoeneko”, gogorarazi du. Lehendakariaren esanetan, “mantendu beharreko lan ildoa da, lehentasuna duelako”, baita “ekoizpen ekonomiaren finantza euskarriari babesa eman” ere.
Eusko Jaurlaritza Berreraikuntzarako Programa lantzen ari dela nabarmendu du buruzagiak, “berreraikuntzaren” legealdia izan behar delako.
“Gure helburua galdutako enplegu guztia berreskuratzea da, 135.000 lanpostu sustatuz”, adierazi du, “horixe baita Jaurlaritzaren eta EAEko erakundeen lehentasunetako bat”.