Itxi

ELA

"Murrizketa garaia" datorrela eta "prestatuta egoteko" esan du Lakuntzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Urkulluk asteon aurkeztu duen Euskadiren Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako Programa "propaganda hutsa" dela esan du ELAko buruzagiak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

COVID-19aren pandemiaren ondorioz zerga-bilketan izan den beherakadari eusteko, neurri fiskal berriak ezartzea beharrezkoa da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan. Hori egiten ez bada, "murrizketak" etorriko direla iragarri du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, zorrotz kritikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak asteon aurkeztu duen Euskadiren Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako Programa. "Propaganda hutsa" dela iritzi dio, plan horrek ez baitu "ez ideia berririk, ez eta proiektu eraginkorrik" jasotzen. 

10.000 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak galdutako lanpostuak berreskuratzeko. Lakuntzaren arabera, "zerga-bilketaren bidez 3.000 milioi gutxiago jasoko direla kontuan izanda" eta Europako Batasunetik iritsiko diren laguntzak "gai sozialetara eta zerbitzu publikoetara ezingo direla bideratu" kontuan hartuta, "argi dago Urkulluren Exekutiboak murrizketak ezarriko dituela".

Halaber, enplegu galerari aurre egiteko, patronalak, Jaurlaritzaren babesarekin,  "soldatak jaitsi edo izoztu" egingo dituela ziur agerdu da ELAko buruzagia. Ildo horretan, enpleguari eusteko, aldi baterako lan-erregulazioak osatzeko eta produkzio-ereduaren erreformarako "funts komun bat" eratzea proposatu du. 

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari buruz galdetuta, berriz, foro hori "iruzurra" dela esan du, sindikatuek bertan duten ordezkaritza ez delako beharko lukeena. ELAk elkarrizketarako borondate osoa duela nabarmendu du, betiere, "benetako edukiei buruzkoa" bada.

Jatorrizko elkarrizketa, gazteleraz, Radio Euskadin.

Albisteak (3)

Audioak (1)