Langabezia
2.517 langabe gutxiago zenbatu dituzte irailean EAEn eta Nafarroan
EITB.EUS
Hala, guztira, 182.903 pertsona daude lan barik. Jaitsiera pozik hartu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baina "zuhurtziaz" jokatu behar dela nabarmendu dute.
2020ko abuztuko datuekin alderatuta, 2.517 langabe gutxiago daude enplegu zerbitzu publikoko bulegoetan izena emanda Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, Espainiako Gobernuko Enplegu eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak gaur emandako datuen arabera. Hala, guztira, 182.903 pertsona daude lan barik Hego Euskal Herrian.
Datuak xehatuta, EAEn 1.692 gutxiago daude Lanbiden erregistratuta (% 1,16 gutxiago), eta guztira, 144.758 pertsona daude lan barik. Nafarroan, 825 pertsonakoa izan da beherakada (aurreko hilabetean baino % 2,12 gutxiago). Denera, 38.145 pertsona daude erregistratuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.
Bestelakoa da egoera 2019ko iraileko datuekin erkatuz gero, eta hor agerikoa da COVID-19aren eragina. Izan ere, bi erkidegoetan gora egin du langabeziak: 38.832 langabe gehiago.
Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, eta betiere aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, Nafarroan jaitsi da gehien langabezia (% 2,12). Bizkaian % 1,54 eta Gipuzkoan % 1,37 egin du behera. Araban, aldiz, % 0,45 hazi da langabe kopurua.
EAEko eta Nafarroako datuak, eitb.eus-ek egindako grafiko batean.
Urte arteko bilakaerari erreparatuta, lau lurraldeetan egin du gora langabeziak: % 32,43, Araban; % 32,18, Gipuzkoan; % 25,35, Nafarroan, eta % 23,73, Bizkaian.
Espainiako Estatuko datuei dagokienez, 26.329 pertsona gutxiago daude lan gabe (% 0,7 gutxiago), eta 1996tik inoizko irailik onena da 2020koa. Lan merkatuak 84.013 afiliatu berri zenbatu ditu irailean.
Espainiako datuak, eitb.eus-ek egindako grafiko batean.
Gizarte Segurantzaren afiliazioa
Afiliazioari dagokionez, hazi egin da bi erkidegoetan. Euskadin abuztuan baino 7.349 pertsona gehiago (% 0,78) zenbatu dituzte irailean kotizatzen; apiriletik izandako lehen datu positiboa da afiliazioen kopuruan. 2019ko iraileko datuekin alderatuta, berriz, behera egin du, 15.647 pertsona gutxiago (% 1,63) zenbatu baitituzte.
Nafarroan ere, gora egin du afiliazioak: 2.055 pertsona gehiago (% 0,72). Hobekuntza hori gorabehera, 2019ko irailean baino 2.229 langile gutxiago daude (% 0,77).
Datuen balorazioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak "zuhurtziaz" eta "itxaropenez" hartu du iraileko datua. Horren ustez, "badirudi gobernu honek hasieratik ondo egindako gauza batzuen eragina igartzen hasi dela".
Mendiak gogorarazi duenez, berak zuzentzen duen sailari dagokio enpresei "eusten" laguntzen, eta, horretarako, ikerketa, garapen eta berrikuntza bultzatuko dituela esan du. "Berrikuntza, elkarrizketa eta berdintasuna behar ditugu langileak erdigunean jartzeko", erantsi du.
"144.758 pertsona ditugu lan barik, eta behar gaituzte", nabarmendu du.
Ildo beretik mintzatu da Maria Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilaria. "Balorazio positiboa egiten dugu, baina zuhur agertu behar gara", azaldu du. Maezturen esanetan, "zuhurrak gara lan merkatuan sumatzen hasia den susperraldi zantzu horiek gorabehera".
Afiliazio datua ere ontzat eman du Maeztuk: "Gauden egoeran, benetan positiboa da hazkundea".