Elkarrizketa
Azpiazu: "Ez da ideia txarra aberatsei eta enpresa errentagarrienei zergak igotzea"
Radio Euskadi | Erredakzioa
Halere, zergen igoera ez dago Ogasun sailburuak epe laburrerako dituen asmoen artean: "Hazkunde ekonomikoari kalte egingo lioke, eskaintza atzeratuko lukeelako".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek iaz baino 2.058 milioi euro gutxiago bilduko dituzte aurten (% 13,3 gutxiago), koronabirusaren pandemiak eragindako krisia dela eta. Dena den, datuak ez dira hasiera batean aurreikusitakoak (% 20 gutxiago) bezain kaskarrak izango.
Horren aurrean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako "Ganbara" saioan egin dioten elkarrizketan aitortu du ezjakintasun egoera honetan oso zaila dela aurreikuspen zehatzak egitea. "Pandemian bete-betean sartu ginenean egin genituen lehen kalkuluak. Garai hartan egoera ekonomikoa eta sanitarioa askoz okerragoa zen. Zorionez, datuek hobera egin dute denborak aurrera egin ahala, eta espero dugu urtea % 13,3ko beherakadarekin ixtea. Orain datu ona iruditzen zaigu, baina beherakada ikaragarria da", adierazi du.
Azpiazuk baieztatu du ekainetik aurrera hobera egin zuela egoerak, eta orain badirela "adierazle positibo batzuk". "Egia da bigarren olatu honek ezjakintasunean murgilduko gaituela berriro, baina ezin gara egunero aurreikuspenak egiten ibili. Uste dugu datorren urtean susperraldia nahiko bizia izan daitekeela", esan du.
Zergen igoera Jaurlaritzaren asmoen artean dagoen galdetuta, Ogasun sailburuak nabarmendu du ez dela horri buruz hitz egiteko momentua. "Zergen igoera hazkunde ekonomikoaren aurka doa, eskaintza atzeratuko duelako. Jarduera ekonomikoa indartzen duten politika publikoei eta gastu publikoari eman behar diegu bultzada", bukatu .