BARNE PRODUKTU GORDINA
Ekonomiaren jaitsiera moteldu da EAEn, eta % 7,7 egin du behera udan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera, ekonomiaren hobekuntza erlatibo bat tarteko, urte amaieran Barne Produktu Gordinak % 10,1 egingo du atzera.
Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak atzera egiten jarraitzen du, baina azken hiruhilekoan beherakada hori moteltzea lortu du. Udan, % 7,7 jaitsi da Barne Produktu Gordina, iazko epe berarekin alderatuta.
Aurreko hiruhilekoan, pandemiak eragin gehien izan zuen hilabeteetan, Barne Produktu Gordinak hondoa jo zuen, eta % 19,5 erori zen. Orduan sartu zen EAE ofizialki atzeraldian, bi hiruhileko jarraian beherakadak kateatu ostean. Urteko lehen hiruhilekoan, % 3,2 egin zuen behera.
Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, urteko azken hilabeteetan ekonomiak hobera egitea espero du eta, horregatik, 2020aren amaieran Barne Produktu Gordina % 10,1 jaistea aurreikusi du.
Enpleguari dagokionez, lanpostuak galdu dira. Lanaldi osoko lanpostuak aintzat hartuta, % 6,5 jaitsi dira aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Hiruhileko arteko datuei erreparatuta, ostera, % 13,3ko hazkundea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak.
Hurrengo abenduaren 2an Eustatek Barne Produktu Gordinari eta Enpleguari buruzko bere estimazioak argitaratuko ditu, gaurko datu aurreratuaren ondotik.
Eusko Jaurlaritzaren balorazioa
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren esanetan, gaur argitaratutako Barne Produktu Gordinaren bilakaeraren aurrerapen datua "ona" da. Dena dela, "pandemia kontrolatzea izango da giltza, martxotik izan den bezala".
Enpleguari dagokionez, datuak "erlatiboki onak" direla esan du. "Egia da tarte horretan enplegua sortu dela (3.100 pertsona), baina langabezia tasaren beherakada pertsona aktibo gutxiago daudelako izan da hein handi batean" gaineratu du.
Azkenik, koronabirusaren bigarren olatuak eta ezarritako neurri murriztaileek laugarren hiruhilekoan zer ondorio izango duten ikusteke dagoela aitortu du.