Itxi

ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK

Errenta eta enpresa handiei zergak igoko dizkie Espainiako Gobernuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek datorren urteko Aurrekontuen zirriborroaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Besteak beste, pentsioak % 0,9 igoko dira eta, kontribuzio gabekoak pentsioak, % 1,8.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pablo Iglesias bigarren presidenteorde eta Gizarte Eskubideetarako eta Agenda 2030erako ministroak 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-aurreproiektuaren gakoak aurkeztu dituzte, Ministroen Kontseilua egin baino lehen. Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek, aurrekontu proiektuaren inguruan ados jartzea erdietsi dute, bart, gutxieneko errentaren eta alokairuaren inguruan zituzten desadostasunak gaindituta.

Ministroen Kontseilua hasi aurretik egin duten agerraldian Sanchezek eta Iglesiasek azpimarratu dutenez, inbertsio publikoa inoizko handiena izango da, % 10,3 gehiago. Gainera, pentsioak % 0,9 igoko dira 2021ean, eta kotizazio gabeko pentsioak, ostera, % 1,8.

Pentsioen igoerak 449.188 pentsiodunengan izango du eragina (iraileko datuak). Horietatik, 261.221k erretiroa jasotzen dute (% 58,15) eta 187.967k, berriz,  baliaezintasun pentsioa ( % 41,85).

Pedro Sanchezek nabarmendu duenez, Estatuko Aurrekontu Orokorrak susperraldi ekonomikorako "funtsezkoak" izango dira. Murrizketak eta austeritatea atzean utzita, "energiaz" eta "aurrera ateratzeko borondatearekin", Gobernuak pandemiaren osteko krisiari aurre egingo diola adierazi du. Ildo horretan, inbertsio publikoan izandako gorakada aipatu du.

Bestalde, Pablo Iglesiasen esanetan, garai berri bat hasiko da politika ekonomikoan, aro neoliberala eta murrizketak behin betiko atzean utziz eta Espainia lan eta giza-eskubideak berreskuratzeko eta zerbitzuak indartzeko bidean jarriz.

Aurrekontu proiektuak jasotzen dituen neurri nagusiak

Estatuko Aurrekontu Orokorren aurreproiektuak, besteak beste, errenta handiei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) igotzea, pentsioak handitzea, gastu soziala areagotzea eta osasun publikora bideratutako partidak handitzea jasotzen du. Trantsizio energetikorako inbertsioak, hezkuntzako bekak handitzea eta 10 milioi euro baino gehiagoko ondareen gaineko zerga % 1 igotzea ere aurreikusten du.

Hauek dira aurrekontuen zirriborroan jasotzen diren berritasunetako batzuk:

- Gobernuak 3.064 milioi euro gehiago bideratuko ditu osasun publikora, 2.400 milioi euro txertoak erostera eta Lehen Arreta indartzera.

- 200 milioiko inbertsioa egingo du 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza bultzatzeko eta % 70,2ko igoera egingo du hezkuntza-beken partidan.

- Pentsioak % 0,9 igoko dira 2021ean, eta kotizazio gabeko pentsioak, ostera, % 1,8.

- 700 milioi baino gehiagoko inbertsioa egingo du adinekoen arreta hobetzeko, zahar egoitzen eredutik etxez etxeko arretara igarotzeko.

- Langile publikoen soldata % 0,9 igoko du.

- Enplegu-politika aktiboak indartzeko 2.000 milioi euro gehiago bideratuko ditu.

- 300 milioiko partida bideratuko du, aitatasun eta amatasun-baimenak 16 astetan parekatzeko, baimenak besterenezinak eta ehuneko ehunean ordainduak izan daitezen.

- Zerga politikari dagokinez, Gobernuak bi puntuko igoera aurreikusi du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (300.000 euro baino gehiago), eta hiru puntukoa kapital errenten gaineko zergan (200.000 euro baino gehiago). Halaber, ondareen gaineko zergari lotuta, 10 milioi euro baino gehiagoko ondareek % 1eko igoera izango Azkenik, Gobernuak Sozietateen gaineko Zergaren kenkariak mugatuko ditu.

Ministroen Kontseiluak gaur aurrekontu proiektua onartu ostean, Koalizioko Gobernuak urte hasieran espero du Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzea.

Albisteak (4)

Bideoak (1)