Itxi

Greba Osakidetzan

Larunbat bateko langileria izango du Osakidetzak gaur Gipuzkoan deituta dagoen greban

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Dena dela, garbiketa eta osasun garraio zerbitzuetan, biak azpikontratutakoak, % 100ekoa izango da gutxieneko zerbitzua, Lan eta Enplegu Sailak ebatzi duenez.

Donostia Ospitalean larunbat bateko ordutegi eta zerbitzua eskainiko dute. Argazkia: EiTB

Arabako erietxeek eta lehen arretako osasun zentroek larunbat bateko langileria izan beharko dute gaurko, azaroaren 5erako, Osakidetzan deituta dagoen greba egunean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak kaleratu duen gutxieneko zerbitzuen dekretuaren arabera.

COVID-19aren eraginez, ohi baino handiagoak dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak eta koronabirusaren diagnosi, zaintza eta arakatze arloetan zerbitzuaren % 100ri eutsiko zaio.

Osakidetzan azpikontratatuta dauden zerbitzuen gutxieneko zerbitzuak ere jaso dituzte dekretuan, azpikontratutako langileak ere lanuztera deituta baitaude. Hala, garbiketa eta osasun garraioan jarduten duten behargin guztiak egon beharko dira bihar lanean, eta sukaldeetan larunbatetan jarduten dutenak.

Idoia Mendiak zuzentzen duen Sailak argudiatu duenez, koronabirusa dela eta, ohi baino "handiagoak" dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak (normalean jaiegun bateko langileriarekin egin dira grebak).

ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuek hiru greba deitu dituzte: Arabakoa izan zen lehena eta, gaur, azaroaren 5ean, Gipuzkoan egingo dute eta Bizkaian, hilaren 12an. Sindikatuek osasun publikoaren egoera "larria" dela salatzeko eta Osasun Sailari neurriak eskatzeko deitu zuten lanuztea.

Zerbitzu minimo berberak hiru grebetan

Agindu honetan jasotako zerbitzu minimoak izango dira azaroan beste bi herrialdeetan egingo dituzten lanuzteetan ere ezarriko direnak.

Hala, ospitaleetan larunbatetan lan egin ohi duen langile kopurua egongo da, larrialdietan senda-agiriak emateko aukerarekin. Dialisi eta tratamendu onkologiko guztiak bermatuko dira, atzeratu ezin diren guztiak ere bai, eta koronabirusaren diagnosia egiteko proba guztiak.

Lehen Mailako Arretan ere, larrialdiko arreta bermatze aldera (COVID-19a duten pertsonak eta atzemateko probak egitea), larunbatetako zerbitzu bera eskainiko dute. Bestalde, larrialdi zerbitzuetan eta arreta jarraituko puntuetan langile guztiak egongo dira, eta "call center" etan langileen erdiak.

COVID-19 kasuen zaintzaz arduratzen diren taldeetan ere behargin guztiek egingo dute lan, hau da, laginak hartzen dituztenek, eta kasuen eta kontaktuen jarraipena egiten dutenek, herritarren berehalako zerbitzua eskaintze aldera. Arrazoi beragatik, % 100eko zerbitzu minimoak ezarriko dituzte Prebentzio Medikuntzan eta lan arriskuen prebentzio zerbitzuetan ere.

Osasun garraioa, garbiketa eta elikagaiak

Osakidetzaren mendeko enpresa azpikontratatuei dagokienez, osasun garraioan % 100ekoa izango da zerbitzu minimoa larrialdi kasuetarako, eta baita hemodialisi edo onkologia tratamenduetarako, eguneko ospitaleetan, ospitale arteko larrialdi garraioan eta Basurtuko Ospitalearen barruan izaten diren larrialdietan.

Odolarekin zerikusia duen garraio guztian ere % 100eko zerbitzu minimoa ezarriko da, COVID-19aren diagnosi testekin bezalaxe. Telefono zerbitzuetako langile kopurua soilik murriztuko da, % 25era arte.

Garbiketan ere ez dute langile gutxiago egotea onartuko, "garbiketa zehatza bermatzeko", zentro guztien desinfekzioa barne, eta pertsona bat baino gehiagok erabiltzen dituzten lekuak edo bestelakoak garbitzeko.

Bestalde, elikagaiak prestatzeaz arduratzen diren enpresek larunbatetan izan ohi duten langile kopurua izan beharko dute. Aginduak azpimarratzen du elikagaien prestaketa ahal den modu sinpleenean egingo dela, baina zentro guztietan banatuko dela bermatuta.

Albisteak (2)