Itxi

Muga-zergak

Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza-harremanak, Europar Batasunaren jomugan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Europar Batasunak merkataritza-bazkide handienari Boeing kasuagatik muga-zergekin erantzungo ote dion inork ez daki oraindik.

Trumpen politika protekzionistak merkataritza tentsioak sortu ditu. Argazkia: EFE

AEBko hauteskundeen ostean, Europar Batasuneko Merkataritza ministroek bideokonferentzia egingo dute astelehen honetan, Ameriketako erraldoiarekin dituzten harreman komertzialak aztertzeko. EBk merkataritza-bazkide handienari Boeing kasuagatik muga-zergekin erantzungo ote dion inork ez daki oraindik.

“EB errepresaliak hartzeko prozesua amaitzen ari da, AEBrekin konponbide adostu bat lortu ezean, indarrean dauden muga-zergak bertan behera uztea barne”, adierazi dute iturri komunitarioek.

Boeing erraldoi aeronautikoari legez kanpoko dirulaguntzak emateagatik, EBk AEBko inportazioei 4.000 milioi dolarreko (3.360 milioi euro) muga-zergak jartzeko eskubidea zuela ebatzi zuen Munduko Merkataritza Erakundeak orain dela gutxi.

Aldez aurretik, Airbus aurkariari legez kanpoko laguntzak emateagatik Europako produktuei 7.500 milioi dolarreko (6.300 milioi euro) muga-zergak ezartzeko baimena eman zion erakundeak Washingtoni. Horrela, oliba-olioa, oliba edo ardoaren inportazioa zigortu zituen Etxe Zuriak.

“Azaroaren 9an edo 10ean zerbait argitzea espero dugu, EBk Boeing kasuan nola jokatuko duen argi izatea”, azaldu dute iturri komunitarioek.

Besteak beste, ardoaren esportazioei kalte egin diete muga-zergek. Artxiboko irudia: EiTB

Europako Batzordeak kolpea ematea baino nahiago du Washingtonekin negoziatu eta akordio bat lortzea ezarritako muga-zergak altxatzeko; izan ere, errepresaliek ez diote inori mesederik egiten.

AEBk muga-zergak kentzen ez baldin baditu, estatu kideek irmotasuna eskatuko diote Batzordeari, esaterako Espainiak; izan ere, muga-zergek esportazioei kalte handia egin diete.

Besteak beste, oliba-olioa, ardoa, oliba, gazta, txerri hestebeteak, zukuak, likoreak, moluskuak eta kontserbako fruituei kalte egin diete muga-zergek.

Edozein kasutan, EBko ministroek egoeraren “balantzea egiteko” aukera izango dute astelehen honetan, azaroaren 3ko hauteskundeen ostean. Merkataritza-harremanak zailak izan dira azken lau urteetan, Donald Trumpen administraziopean, iturri komunitarioek onartu dutenez.

Joe Biden AEBko presidente hautetsi izendatu baino lehen, eztabaidatzeko gaien zerrendan zegoen. Trumpen politika protekzionistak sortutako tentsioak arintzen lagundu beharko luke administrazio-aldaketak.

Albisteak (5)