Nafarroa
COVID-19ak Iruñeko hotelen okupazioa "amildu" du urrian
EITB.EUS
Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak emandako datuen arabera, okupazioa ia % 50 jaitsi da hiriburuan aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta % 36, Iruñerrian.
COVID-19aren pandemiaren eraginez, Iruñeko eta Iruñerriko hotelen okupazio maila "amildu" egin da urrian, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak gaur emandako datuen arabera. Nafarroako hiriburuan bakarrik 3.000 logela eta ehunka langile ditu sektoreak.
Zehazki, azken hilabetean okupazioa ia % 50 jaitsi da (betiere 2019ko urriko datuekin alderatuta) Iruñeko erdialdeko hoteletan: 2019ko urrian % 78,9koa zen; aurtengo urrian, berriz, % 30,6koa. Horren ondorioz, logelako errentagarritasunak % 40 egin du behera. Iruñerrian antzeko zifrak izan dira, okupazioa % 36 jaitsita: 2019ko urrian % 71,5ekoa zen; aurtengo urrian, % 35,19koa.
Elkartearen arabera, "Erkidegoan ezarritako konfinamendu perimetrala, ostalaritzari ezarritako murrizketak, eta ekitaldirik ezak" eragin dute krisia, "sektoreak inoiz izan duen krisirik handiena".
Horrez gain, sektoreak deitoratu du panorama ez da oso baikorra, eta "aurreikuspen guztien arabera, okerrera egingo du datozen hilabeteetan".
Elkarteak nabarmendu duenez, "langile asko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dituztela eta okupazio eta errentagarritasun maila horiekin, hotel askok ixteko erabakia hartuko dute, oraingoz behin-behinekoz".