LAN-GATAZKA
Osakidetzako sindikatuek "ekimena" eskatu diote Jaurlaritzari
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egoera larria salatzeko Osakidetzaren hirugarren greba egunak, oraingoan Bizkaian, babes "zabala" jaso du, "batez ere lehen mailako arretan", sindikatuen arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osakidetzako sindikatuek 24 orduko greba egin dute ostegun honetan Bizkaiko ospitale eta osasun zentroetan, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuari "plangintzatik ekintzara pasatzeko" eskatu diote, pandemiak dakarren "amesgaizto hau amaitzetik urrun" dagoelako.
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek adierazi dutenez, gero eta "kezkagarriagoa" den eta "egunez egun larriagotzen" ari den egoera salatzeko lanuzteak "babes zabala" izan du, batez ere lehen mailako arretan, eta Osakidetzari negoziatzeko deia egin diote.
ELAk grebaren babesa azpimarratu du
Gurutzetako ospitalean, Barakaldon, egindako elkarretaratzean, Esther Saavedra Osakidetzako ELAko ordezkariak esan du, Euskadiko hirugarren greba deialdiaren aurrean, osasun zentroetan eta ospitaleetan egoera "gero eta okerragoa" dela eta "presio handiagoa" dagoela. "Lehenengoak hilabeteak daramatza kolapsatuta, eta gainezka egin du", azaldu du.
"Lana izugarri areagotu da, kolapso egoeran gaude, dagoeneko ezinezkoa da denera iristea eta, kasu askotan, COVIDa ez den guztiari erantzutea", esan du.
Bere ustez, "oso larria da", izan ere, martxoaz geroztik "horri beste modu batera aurre egin ahal izateko plangintzarik ez da egin". "Egoerak okerrera egin eta ospitaleetako presioak gora egingo du", gaineratu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak solaskiderik ez duela salatu du, orain arte "inolako harremanik" egon ez delako.
SATSE: "Egoera okerrera doa"
Amaia Mayor SATSEko bozeramaileak Osakidetzako egoera "okerrera" doala salatu du. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berak "onartu" duen bezala, egoera "oso kezkagarria" da. Mayorren ustez, Sagarduik erantzukizunak eskatu baina berea saihesten duela kritikatu du, "ez duelako negoziatzen eta ez duelako mahai gainean inolako neurririk jartzen", gaineratu du.
"Martxoan geunden egoeran gaude, eta Osakidetzak, zazpi hilabeteren ostean, iraganeko akatsak errepikatzen jarraitzen du, ez baitu bere langileekin hitz egiten. Gainkarga ikaragarria da eta aspalditik dator. Langileak oso nekatuta daude eta amesgaizto hau amaitzetik urrun dagoela ikusten dute", salatu du.
Erizainen sindikatuko ordezkariak salatu duenez, Osasun Sailak "plan eta ildo estrategikoak baino ez ditu proposatzen, kudeaketaren mundutik, langileen errealitatetik at". "Ekintzarako unea da, eta ez plangintzarakoa bakarrik. Neurriak hartu behar dira, langileak falta direlako", esan du.
Gogorarazi duenez, "legegintzaldi osorako 4.000 lanpostuko eskaintza egin da", eta "2018tik legealdia amaitu arte sistematik aterako diren langileak ere ez dituzte ordezkatuko". "Ez dira eskubideak negoziatzen ari, ezta langileek egiten duten ahalegina aitortzen ere. Osakidetza langileak estutzen ari da pandemiari aurre egiten", gaineratu du.
Era berean, profesionalen "osasuna babesteko neurriak" hartzen ari ez direla kritikatu du, eta, gaur egun, 3.300 langile kutsatu direla salatu du. "Osakidetza bizkarra ematen ari da, ez du negoziatzen, eta kontrakoa esan arren, ez du negoziatzeko borondaterik. Jarrera aldaketa premiazkoa da", gaineratu du.
Osasun Sailean eta Osakidetzan "jarrera aldaketarik" sumatzen ez badute, mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute sindikatuek. Ostegun honetako lanuzte deialdiak bat egin du Araban eta Gipuzkoan egin diren mobilizazioekin.
Grebak % 8,6ko jarraipena izan du, Jaurlaritzaren arabera
Eusko Jaurlaritzaren arabera, lanuzteen jarraipena % 8,6koa izan da. Lanbide kategoriak kontuan izanda, goi mailako profesionalen artean % 9,7k egin dute greba, erizaintza % 7,2k eta gainerako sailetan % 9,7k.
Gaurko grebarekin amaitutzat eman dituzte orain arte aurreikusitako mobilizazioak, baina sindikatuek aurreratu dute protesta gehiago antolatuko dituztela. "Borrokan jarraituko dugu langileon aldarrikapenak aintzat hartu arte", azpimarratu du SATSE sindikatuak.