Koronabirusa
Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek mokaduak emango dituzte kafea saldu ahal izateko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jaurlaritzaren araudia "diskriminatzailea" dela salatu dute tabernariek, eramateko edariak janariarekin batera eta aurretiazko hitzordua hartuta soilik sal dezaketelako.
Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek 350.000 mokadutxo doan banatuko dituzte bezeroen artean eramateko edaria saldu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren araudia urratu gabe.
Bizkaiko eta Gipuzkoako tabernarien elkarteek berretsi egin dute sektorearen egoera "dramatikoa" dela eta pandemiaren ondorioz administrazio ezberdinek hartutako neurriak hasieratik onartu eta bete dituztela. Alabaina, neurri horiek "justuak eta ez-diskriminatzaileak" izan behar direla azpimarratu dute.
Etxera eramateko janariari eta edariei dagokionez, Jaurlaritzak hartutako azken erabakia "nahasgarria" eta "ulertezina" dela kritikatu dute. Joan den astean ezarritako neurri murriztaileen arabera, ostalariek ezin dute eramateko edaririk saldu, janariarekin batera ez bada eta bezeroak aurretiaz hitzordua hartu ez badu.
"Elkarteetatik sarritan eskatu ditugu erabaki horiek justifikatzeko osasun arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso", deitoratu dute.
Tabernarientzat arau hori "diskriminatzailea" da beste establezimendu batzuek edariak salatzeko aukera dutela ikusita.
"Ez dugu nahi establezimendu horiei edaria saltzea galaraztea; haiei ezarritako baldintzak ostalaritza sektoreari aplikatzea eskatzen ari gara", nabarmendu dute.
BIDEOA | Tabernek ezin dute eramateko kafea saldu, bezeroek janaria eskatzen ez badute
Erreskate plan bat eskatu dute Nafarroako ostalariek
Bestalde, Maria Angeles Rodriguez Nafarroako ostalarien elkarteko presidenteak sektorea erreskatatzeko premiazko plan bat abian jartzea eskatu du, "bestela hondamendia izango da".
Agiri batean, Rodriguezek esan du kutsatze kopuruak behera egin duelako asko pozten dela, baina zalantzan jarri du tabernak eta jatetxeak ixtearen ondorio dela.
"Gure ustez, neurririk eraginkorrena etxeratze-agindua da, baita senideen eta lagunen arteko topaketa pribatuak murrizteko hartu diren neurriak ere, testuinguru horretan jendea erlaxatu egiten delako, maskara erabiltzeari uzten zaiolako eta edariak konpartitzen dituztelako", azaldu du.
"Gure establezimenduak ireki nahi ditugu, beharrezkoak diren baldintzekin, gure ekonomia, osasuna eta bizia jokoan ditugulako", erantsi du.
Halaber, Rodriguezek ziurtatu du ostalariek orain arte ezarritako neurri guztiak "arduraz" bete dituztela.
"Soluzioaren parte izan nahi dugu, eta gure lokalak itxita egongo badira, gauza sinple bat eskatzen dugu: administrazioek sektorea babesteko erabateko konpromisoa hartzea. Bankuekin egin zuten moduan, guk ere erreskate plan bat behar dugu, eta berehalakoa izan behar da", azpimarratu du.