Lan-gatazka
Sestaoko Naval ontziolako langileen kaleratzea berretsi du Auzitegi Gorenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Auzitegi Nagusiak kontratatuak etetea baimendu zuen iaz. CAT, ELA eta CCOO sindikatuek helegitea jarri zuten, baina Auzitegi Gorenak baztertu egin du epai hura baliogabetzea.
Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Sestaoko Naval ontziolako kaleratzeak baliorik gabe uztea, CAT, ELA eta CCOO sindikatuek aurkeztutako errekurtsoa atzera botata, Europa Press agentziak jakinarazi duenez.
2019ko otsailaren 28an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak ontziolako beharginen kontratuak etetea baimendu zuen eta hilabete batzuk geroago, urriaren 24an, CAT, ELA eta CCOO sindikatuek ebazpen horren aurkako helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean.
Besteak beste, kontsultak egiteko prozeduran "borondate txarrez" jokatu zela eta Naval osatzen duten enpresa taldeari buruzko "informazio nahikorik" eman ez zitzaiela argudiatuta. Alabaina, Auzitegi Gorenak ebatzi du eskatutako informazio guztia eman zietela eta balizko enpresa talde hori existitzen dela esateko froga nahikorik ez dagoela.
Ebazpen horren aurka ezin daiteke ohiko bidetik helegiterik jarri. Beraz, Auzitegi Konstituzionalera eta, ondoren, Europara jotzea beste aukerarik ez dute sindikatuek.
Epaia irmoa denean jasoko dituzte langileek kalte-ordainak. Zati bat Fogasak ordainduko die eta gainerakoa ontziola saltzen denean kobratuko dute.