Lan-gatazka
Mercedesen langile batzordeak konpromisoak urratzea egotzi dio zuzendaritzari
agencias | redacción
Pandemiaren hasieran hitzemandakoa ez betetzea eta "behin behineko langile gehientsuenak kaleratzea" ekarriko lukeen "lan molde berria" inposatu nahi izatea leporatu dio.
Gasteizko Mercedes-Benzeko langile batzordeak pandemiaren hasieran hitzartutakoa urratzea eta "behin behineko langile gehientsuenak kaleratzea" ekarriko lukeen "lan molde berria" inposatu nahi izatea leporatu dio zuzendaritzari.
Langileen ordezkariek bilera egin dute Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzarekin, aurreko asteartean langileei 2021eko lehenengo hiruhilekoan, "enpleguarentzat neurri bortitzagoak ez hartzeko", ekoizpena motelduko zuela jakinarazi ostean.
EAEko lantegi handieneko (5.000 langile inguru) zuzendaritzak azaldu zuenez, ekoizpen gaitasunaren eta eskariaren arteko "desfase handia" zela eta, egungo txandetako baten erritmoa moteltzeko asmoa du, datorren urtean 131.500 furgoneta ekoizteko helburuarekin.
Aitortu zuen ekoizpen gaitasunaren murrizketak behin behineko langileei eragingo diela, baina ez zein mailan.
Gaurko bileran, batzordearen arabera, zuzendaritzak "berretsi egin du bere irizpideen eta erabakien inposaketa, mehatxua erabiliz bitarteko nagusi gisa".
Gogorarazi du martxoan enpresak Aldi Baterako Lan Erregulazio txostena sinatu zuela batzordearekin, eta bertan jasotzen zen beste txosten bat indarrean jarriz gero lehenengoaren baldintza berean izan beharko zela.
Baina batzordeak uste du multinazionalak "beste lan eredu berri bat" proposatzen duela, bi txanda eta erdiarena, "printzipioz lehenengo hiruhilekorako", eta ondorioa behin behineko 500 langileetako "askoren" kaleratzea izango dela.
"Ziurrenik, behin behineko langileen kolektiboa kaleratzea langile guztiei 10 eguneko txostena ezartzea baino errentagarriagoa delako erabakiko zuen enpresak konpromisoa ez betetzea", gaineratu du batzordeak.