Itxi

Krisia

Ostalariek gaurtik aurrera eskatu ahalko dituzte 4.000 eurorainoko laguntzak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Telematikoki ere eskatu ahalko dira laguntzak. Establezimenduek itxi behar ez izatea da laguntzon helburua.

Bilboko Plaza Berriko terraza bat. Argazkia: EFE

Ostegun honetatik aurrera eta hamabost eguneko epean, 4.000 eurorainoko laguntzak eskatu ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko ostalariek.

Jaurlaritzak berak edota beste erakunde batzuek adostutako gainerako neurriekin bateragarriak diren laguntza horiek iragan astean onartu zituzten, COVID-19ari aurre egiteko asmoz taberna eta jatetxe guztiak ixteko erabakia hartu ostean.

Helburua da "ostalariek jarduna eten behar ez izatea eta zuzeneko galera ekonomikoak arintzea". Hain zuzen ere, behin-behineko itxiera bukatutakoan berriro ateak irekitzera bultzatu nahi dituzte, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumorako sailburuak azaldu duenez.

Guztira, 12.219 establezimendu daude EAEn, eta erdiek langile bat edo bi dituzte. Zehazki, 8.297 establezimenduk dituzte hiru behargin baino gutxiago; 3.224k, berriz, lau eta hamar langile artean, eta 698k, hamarretik gora.

Hala, hiru langiletik beherako establezimenduek 3.000 euroko diru laguntza jasoko dute; hiru eta hamar bitartekoek 3.500ekoa, eta hamarretik gorakoek 4.000 eurokoa. Salbuetsita daude 50 langiletik gora dituzten eta pandemia aurretik etxez etxeko banaketa diru-iturri nagusitzat zuten negozioak.

Esan bezala, establezimenduak itxi behar ez izatea da laguntza horien asmo nagusia. Hori dela eta, laguntzak jasotzen dituzten ostalari guztiek gutxienez lau hilabetez izan beharko dute zabalik, Jaurlaritzak establezimenduak irekitzeko baimena ematen duenetik.

15 eguneko epea ezarri dute laguntzak eskatzeko, eta telematikoki ere onartuko dituzte eskaerak. Gainera, Jaurlaritzak aukera horren alde egin du.

Albisteak (3)