Aurrekontu orokorrak
Aurrekontuek EAEra bideratutako inbertsioa % 9,2 hazi da, Sanchezen esanetan
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako presidenteak zehaztu du EAEk 194 milioi euro izango dituela ingurumen politiketarako eta etxebizitzarako. Estebanek (EAJ) erantzun duenez, "zuzendu daitekeen aurrekontua oso txikia da".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur Kongresuan zehaztu duenez, Estatuko aurrekontu orokorren proiektuak Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) aurreikusi duen diru partida % 9,2 hazi da, aurreko urteekin alderatuta. Hala, trantsizio ekologikorako 120 milioi euro gorde dira, 84 milioi tren azpiegituretarako, 294 milioi abiadura handirako eta 26 milioi uraren kalitaterako.
Espainiako Gobernuaren kontrolerako saioa dago gaur Kongresuan, eta bertan eman ditu kopuruok Sanchezek, Aitor Esteban EAJko bozeramaileak egindako galdera bati erantzunez. Bozeramaile jeltzalea kritiko azaldu da Exekutiboa hainbat konpromiso betetzeko behar duen denborarekin: "Ministerio batzuek denbora larregi behar dute partidak banatzeko".
"Ekintzek baieztatzen dituzte gauzak. Guretzat konpromisoak garrantzitsuak dira, serio hartzen ditugulako", ohartarazi du EAJren Kongresuko eledunak.
Sanchezek ihardetsi du EAJ "bazkide estrategiko eta lehentasunezkoa" dela Gobernuarentzat Estatuko aurrekontu orokorrak negoziatzeko orduan. "Ziur izan zure taldearekin hartutako konpromisoak serio hartzen ditugula", azpimarratu du Espainiako presidenteak. Sanchezen aburuz, aurrekontuetan egindako "aurrerapen handiak" begiratzea besterik ez dago, eta horren ildoan, Europako funtsetatik ingurumen politiketarako eta etxebizitzarako bideratutako 194 milioi euroak aipatu ditu.
Abiadura Handiko Trena (AHT)
Estebanek bestelako iritzia du. Haren hitzetan, "zuzendu daitekeen aurrekontua oso txikia da, politika transformatzaileak Europako funtsetan daudelako, eta jarri duzuen eskeman horren arabera, ezin da zuzenketarik aurkeztu. Hemen azpimarratu behar dena da aurrez hartutako konpromisoak betetzeko orain eta etorkizunean dagoen borondatea".
Horren harira, bi adibide jarri ditu: bata, AHTren EAEko hiriburuetako sarbidea (kudeaketa agindua noiz sinatuko zain dago Jaurlaritza) —"Zeri ari zarete itxaroten? Zergatik behar da hainbeste denbora gero sinatu behar baduzue?"—, edo trena lur azpitik sartzeko protokoloa (iaz sinatu behar zen). "Tankerako ekintzen baieztatzen dituzte gauzak", azpimarratu du.