Itxi

Lan gatazka

Mercedeseko enpresa batzordeak zuzendaritzaren plana auzitara eraman du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

2021eko lehen hiru hilabeteetan ekoizpena moldatzeko plana "inposatu" nahi izatea leporatu dio multinazionalari langileen ordezkaritzak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mercedes Vitoria konpainiako enpresa batzordeak Gasteizko Gizarte arloko epaitegi batean salatu du zuzendaritzak berriki iragarri duen plana. Hau da, 2021eko lehen hiruhilekoan ekoizpena moldatzeko plana, behin behineko langile gehientsuenak kaleratzea ekarriko duena, sindikatuen ustez.

Gasteizko konpainiako langileek elkarretaratzea egin dute goizean, Andra Maria Zuriaren plazan, plan hori salatzeko. Igor Guevara enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, multinazionalak ez du eurekin negoziatu eta plana "inposatzea" egotzi dio.

Guevararen ustez, zuzendaritzaren planak langileriaren parte handi baten baldintzak "nabarmen" aldatuko ditu.

Auzitegietan ez ezik, Lan Ikuskaritzaren aurrean ere salatu du plana enpresa batzordeak, multinazionalak ez baitizkie zehetasunak jakinarazi nahi.

Alemaniako multinazionalak duela 10 egun jakinarazi zuen bere erabakia. Ez zuen zehaztu zenbat behin-behineko langileri eragingo dion, baina sindikatuek uste dute 500 inguru izango direla.

Elkarretaratzean "errespetua" eskatu dute langileekiko, enpresa batzordearekiko, lan araudiarekiko eta behin-behineko beharginekiko. Izan ere, azken horiek "ezinbestekoak" izan dira konpainiaren emaitza onak lortzeko. Horrez gain, salatu dute multinazionalak COVID-19ak sortutako krisia baliatu nahi izatea luzera begira etekin gehiago eskuratzeko. 

"Inposaketei ez. Hemen inor ez dago soberan", azpimarratu du sindikatuen bozeramileak. Azaldu duenez, datozen astean bilerak egingo dituzte langileekin, eta orduan erabakiko dute zein mobilizazio egin.

Albisteak (2)

Bideoak (1)