Enpresariak
Confebaskek ez etsitzeko deia egin du Korta Sarien banaketan
agentziak | erredakzioa
Guibelaldek (IMAT), Jose Maria Vergarechek (Diario Vasco), Antton Suquiak (Sukia), eta Jose Luis Larrañagak (Sarralle Taldea) jaso dituzte aurtengo sariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eduardo Zubiaurre Confebasken presidenteak "ez etsitzeko" deia egin du koronabirusaren pandemiak eragindako krisiaren aurrean, eta "elkarrekin" gainditzeko konpromisoa agertu dio "herriari".
2000. urtean ETAk hildako enpresariaren omenez banatzen diren Korta Sariak hauentzat izan dira aurtengoan: Jesus Maria Guibelalde, IMATen buru eta fundatzailea; Jose Maria Bergareche, Diario Vascoren presidente eta El Correo egunkariaren kontseilaria; Antton Suquia, Sukia higiezin eta sustatzaile taldearen fundatzailea; eta Jose Luis Larrañaga Sarralle Taldearen fundatzailea.
Ekitaldian, EAEko patronalaren ordezkari gorenak, Zubiaurrek, saritutako enpresarien lana goraipatu du, eta azpimarratu "Joxe Mari Korta guztiontzat eredugarri egin zuten baloreak" biltzen dituztela: "Gizatasuna, enpresari izaera, erabakitzeko gaitasuna, eta arrisku pertsonal eta familiarrak hartzeko ausardia".
Eduardo Zubiaurrek gogorarazi duenez, "zalantza handiko garaiak" bizi dituzte, eta orain "hartzen du garrantzia berezia Euskadiko gizon-emakume enpresarien lan isil eta etengabeak".
Zubiaurrek adierazi duenez, "enpresa lehiakorrik gabe, sortzen duen enplegurik gabe, baina, batez ere, gaur arratsaldean Korta saria jasotzen duten pertsona hauen lan, ikuspegi eta lidertzarik gabe, Euskadi ez zen gaur egun dena izango". "Eta ez genukeen gaur egun dugun erresistentziarik izango. Ez dago ezkortasunerako lekurik, bai, ordea, etengabeko lanerako eta inguru globala etengabe entzuteko", ohartarazi du.
Korta 2020 sarien banaketa ekitaldian, Zubiaurrez gain, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Iraunkortasunerako eta Ingurugirorako sailburua ere izan da, Eduardo Junkera, Iñaki Garcinuñi eta Pascal Gomez Adegiren, Cebeken eta Searen presidenteekin batera, eta Joxe Mari Kortaren senideak eta fundazioko kideak ere bertaratu dira. Sariak erabaki dituen epaimahaiaren presidentea Tapia izan da.