Koronabirusa
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek 2021era luzatu dituzte neurri fiskal bereziak
agentziak | erredakzioa
Pandemiarengatik kaltetutako enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat martxoan onartu zituzten neurriak dira, baina PFEZ zergari dagozkion neurri berriak ere sartuko dituzte.
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek COVID-19ak kaltetutako autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat martxoan onartu zituzten neurri fiskalak 2021era luzatzea adostu dute.
Aldundiek gaur jakinarazi dutenez, krisiak kaltetutakoentzat neurriak hartuko dituzte PFEZ zergari dagokionez ere, tartean deklaratzera behartzeko gutxieneko diru kopurua 12.000 eurotik 14.000ra igotzea.
Era berean, muga 20.000 euroan kokatu dute ordaintzaile bat baino gehiago dituztenen kasuan, baina bigarrenak eta ondorengoek guztira ezingo dute 2.000 euro baino gehiago ordaindu. Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostenaren eraginpean dauden pertsonentzat dago pentsatuta neurri hori, soldataren zati bat Estatuak ordaintzen duenez, bi ordaintzaile dituztelako.
2020 eta 2021erako PFEZ zergaren ordainketatik salbu utzi dituzte administrazio publikoek COVID-19agatik autonomoei emandako beste aparteko laguntza batzuk ere.
Autonomoek ez dute 2020ko azken hiruhilekoko PFEZaren ordainketa zatitua ordaindu beharko, normalean urtarrilean ordaintzen dena.
Zorraren ordainketa atzeratzea
Bestalde, hiru aldundiek atzerapenak aitortu dizkiete, bermerik eta interesik gabe, zergekin zorrak dituztenei. Aparteko atzerapen hori erabili ahal izango dute jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek.
Etxebizitzan, aldundiek PFEZ zergaren abantaila fiskalez gozatzeko epeak luzatuko dituzte etxebizitzaren erosketaren kasuan.
Aldundiek Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoari helaraziko dizkiete neurriak, abenduaren 1ean onartzeko asmoz.