Itxi

AURREKONTUAK

EAJk Estatuko aurrekontu orokorrak babestuko ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

ERCk ere iragarri du aurrekontuekin lotutako aurreakordioa adostu duela Gobernuarekin. Itun horren bidez hitzartu dute Estatuak aurrerantzean ez dituela Kataluniaren finantza jarduerak kontrolatuko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EAJren diputatuek Estatuko aurrekontu orokorren aldeko botoa emango dute, jeltzaleek eta Espainiako gobernu koalizioak bigarren zuzenketa sorta bat adostu ostean. Horrela baieztatu du gaur Aitor Esteban EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak.

Akordio horren baitan, hainbat adostasun lortu dituzte: I+G+Brako inbertsioak, Loiolako kuartela Donostiako Udalari saltzea, energia eolikoaren ekoizpena bultzatzea, Forondako aireportuaren aldeko apustua indartzea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azpiegitura batzuetan lanak egitea.

Diputatuen Kongresuan eskaini duen prentsaurrekoan, gaur arte zuzenketa horiek negoziatzen aritu direla azaldu du.

Aitor Esteban pozik agertu da, EAJk egindako zuzenketen erdiak onartu dituelako gobernu koalizioak, eta bereziki nabarmendu du Loiolako kuarteletako lurrak Donostiako Udalari besterentzeko batzorde bat sortzeko konpromisoa. "Lehen aldiz, Gobernuak lur horiek besterentzeko konpromisoa hartu du", nabarmendu du. Gauzak horrela, Espainiako Defentsa Ministerioak Donostiako Udalari salduko dizkio kuarteleko lurrak datorren urtea amaitu baino lehen.

Aurreko astean, EAJk eta Espainiako Gobernuak lehen zuzenketa sorta adostu zuten, besteak beste, dieselaren zerga igoera geldiaraztea jasotzen zuena.

30 milioi euro gehiago inbertsiotan

EAJk eta Sanchezen Gobernuak adostutako zuzenketek 30,5 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dituzte Euskadirentzat. Gainera, Loiolako kuartelaren lursaila Donostiako Udalaren esku utziko du Exekutiboak.

Aldez aurretik, Espainiako Gobernuak eta EAJk akordio hauek ere hitzartuta zituzten: bertan behera uztea gasolioaren zergaren igoera, makina erremintako alorrean 50 milioi euroko Renove plan bat abiatzea eta Zorrotzako trenbideak lurperatzea.

Orain, besteak beste, diru partida hauek adostu dituzte: 2,6 milio euro EHUko ikerketentzat, 700.000 euro Mondragon Unibertsitatearentzat, milioi bat Nafarroako CENERentzat eta 15 milioi paso-nibelak kentzeko.

Donostiako alkatea, pozik

Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu du hitzarmena sinatu beharko dutela Defentsa Ministerioak eta Udalak Loiolako kuartelaren lursailak transferitzeko eta baldintza “zehatzak” zehazteko.

Goiak txalotu egin du Espainiako Gobernuak jarrera aldatu izana. Izan ere, orain arte errefusatu egin du kuartelaren lurrak Udalari ematea.

“Balorazioa oso positiboa da”, batez ere kontuan hartuta duela bi aste Esperanza Casteleiro Defentsa idazkariak operazioari ezetz eman ziola, zehaztu du Goiak.

Alkatearen esanetan, Loiolako eremu horretan Udalak hainbat ekimen ditu egiteko Urumeako tartean, uholdeak prebenitzeko.

Bestalde, Goiak gaineratu du ez dakiela non kokatuko den Armada Loiolako kuartela utzi eta gero.

ERCk aurrekontuekin lotutako aurreakordioa iragarri du

Gabriel Rufianek, ERCk Kongresuan duen bozeramaileak, iragarri du 2021eko aurrekontu orokorrekin lotutako aurreakordioa adostu duela Espainiako Gobernuarekin. Itun horren bidez hitzartu dute, hain zuzen ere, Estatuak aurrerantzean ez dituela Kataluniaren finantza jarduerak kontrolatuko, PPk 2015ean hartutako eskumen horrekin bukatuz. Gainera, aldebiko batzorde bat eratuko dute Madrilgo "zerga paradisuari" amaiera emateko.

Rufianek azaldu duenez, aurreakordioak beste zenbait neurri ere har litzake barne; besteak beste, etxegabetzeen luzamenduarekin zerikusia dutenak. ERCk berak, horrekin lotutako zuzenketa aurkeztu zuen, Unidas Podemosekin eta EH Bildurekin batera, luzamendu hori lortu ahal izateko.

Aurreakordioa akordio bihurtuko balitz, ERCk babestu egingo lituzke aurrekontuak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)