Itxi

Lan-gatazka

Sindikatuek salatu dute Osakidetzak ez dituela euren aldarrikapenak aintzat hartu

agentziak | erredakzioa

Leer en Castellano

Biharko mahai sektorialari begira, ohartarazi dute Osakidetzaren "asmoa langileei gainkarga" jartzea dela, eta "inola ere ez zerbitzua indartzea eta gabezia larriei aurre egitea".

Osakidetzako langileen protesta. Argazkia: ELA

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak ostegunerako deitu duen mahai sektoriala "hutsik dago edukiz", eta ez du "sektore arteko mahaiko aldarrikapen bat bera ere" jasotzen.

Agiri batean adierazi dutenez, "espresuki eskatu arren", Osakidetzak "ez du gai-zerrendan gure aldarrikapenetako bat bera ere sartu", hain zuzen ere mobilizatzera eta greba egitera eraman zituen eskaeretako bat bera ere ez.

Horren harira, sindikatuek gogorarazi dute "osasun publikoak gaur egun dituen egiturazko arazo larriek eta horiei irtenbiderik ez emateak" eraman zituztela mobilizazioak egitera, tartean greba egunak, azkena hilaren 12an, Bizkaian.

Azken asteotan sindikatuek "behin eta berriz" salatu dute Osakidetzaren eta Osasun Sailaren "negoziaziorako eta elkarrizketarako borondate eza", izan ere, haien ustez, negoziazioa eta elkarrizketa "sailburu berria aurkezteko protokolozko bileratik harago" doa. Denbora luzez Osakidetzak ez du "sindikatuekin harremanik izan eta ez du euskal osasun publikoa pairatzen ari den gabezia larriak arintzeko edo konpontzeko neurririk jarri mahai gainean".

"Gutxiespen horren adibide da mahai sektorialaren azkeneko bilera ekainean izan zela, eta bost hilean ez dela bestelako harremanik izan. Eta hori gure gertuko historiako osasun krisi handienari aurre egiten ari garenean", gaitzetsi dute.

Horregatik guztiagatik, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk "propaganda ekitaldiak alde batera uzteko" eta, "behingoz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta irtenbideak martxan jartzeko" deia egin dute.

Albisteak (4)