Itxi

Manifestazioa

Uraren eta argiaren fakturak ordaindu behar ez izatea eskatu dute ostalariek Bilbon

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Ur Partzuergoari eta Iberdrolari idatzi bana igorri diete, itxitako lokaletan urik eta argirik kontsumitzen ez dela gogorarazteko: "Oraingoan erronda zuen kontu".

Bizkaiko ostalarien manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE

Bizkaiko Tabernariak plataformak manifestazioa egin du ostiral honetan, Bilbon. Bertan, ostalariek Ur Partzuergoari eta Iberdrolari eskatu diete, tabernak eta jatetxeak itxita dauden bitartean, uraren eta argiaren fakturak ordaindu behar ez izatea.

Ehunka ostalari izan dira gaurko manifestazioan. Plaza Biribiletik atera dira eguerdian, Albia eraikinera iritsi arte (Ur Partzuergoaren egoitza dago bertan). Ondoren, Iberdrola Dorrerainoko bidea egin dute.

Bi enpresa horietan idatzi bera aurkeztu dute, itxitako lokaletan urik eta argirik kontsumitzen ez dela gogorarazteko: "Oraingo honetan laguntza eskatu nahi dizuegu; gure jargoian diogun bezala, 'erronda hau zuen kontu'".

"Gogotsu gaude berriro ere gure jardunari ekiteko eta dagozkigun fakturak ordaintzeko, baina ostalaritza itxita dagoen bitartean, begirunea, elkartasuna eta nahi duzuen guztia eskatu nahi dizuegu, eta oraingo honetan gastu finkoak zuek ordaintzea", berretsi dute.

Ostalarien arabera, langile bat edo bi dituzten tabernek, gutxienez, hilero 3.000 euroko gastua daukate, eta 20.000 eurorainokoa hamar beharginetik gora dituztenek.

"Taberna batek negozioaren alokairua ordaintzen du, hipoteka, argia, ura, telefonoa, Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea, alarma eta aholkularitza fakturak, baita autonomoak eta Gizarte Segurantza ere", salatu dute.

"Gastu horien aurrean irtenbide bakarra dugu, Elkargiren interes baxuko edo interesik gabeko maileguak. Ondo daude, baina ez da konponbidea, ezin izango ditugulako ordaindu", gaineratu dute.

Horregatik, mobilizazioak deitzen jarraituko dute, ostalariei zuzendutako dirulaguntza plan bat lortu arte. Laguntzak, ohartarazi dute, ez dira iristen. "Aburto, entzun, eman dirua" izan da gaurko protestan entzun den oihu nagusia.

BIDEOA | Fito musikariak bat egin du Mungiako ostalarien protestarekin



Albisteak (6)