Itxi

KORONABIRUSA

9.655 ostalarik eskatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko diru-laguntzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Urtea amaitu aurretik hasiko dira ordaintzen ostalaritzari laguntzak, eta, aurrez, turismoari eta merkataritzari emandako ezohiko diru-laguntzak.

Saltoki bat itxita, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Dagoeneko 9.655 ostalarik eskatu dituzte Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari emandako 4.000 eurora arteko zuzeneko diru-laguntzak. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, urtea amaitu aurretik hasiko dira ordaintzen ostalaritza sektoreari emandako laguntzak, eta, aurrez, turismoari eta merkataritzari emandako ezohiko diru-laguntzak. Bi laguntza horien artean, 20.000 eskaera baino gehiago jaso dituzte eta saltoki batzuek 7.000 euro jaso ahal izango dituzte bien artean. 

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak ostalaritzako diru-laguntzen balantzea aurkeztu du gaur, laguntza horiek eskatzeko epea amaitzen den egunean. Sailburuaren esanetan, "laguntza horien helburua da euskal ostalaritzaren sektoreari babesa eta euskarria ematea, osasun krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko".

Aurkeztu diren 9.655 eskaera horietatik 5.739 1-3 langileko saltokiei dagozkie (% 60 inguru); 3.267, 4-10 langileko saltokiei (% 33); eta 64, 10 langile baino gehiagoko saltokiei (% 7).

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, 1.333 eskaera egin dituzte Araban; 3.096, Gipuzkoan, eta 5.226, ostera, Bizkaiari. Beraz, 30 milioi euroko diru partidatik 4,2 milioi inguru Arabara bideratuko dira, 9,9 milioi Gipuzkoara eta 16,3 milioi Bizkaira.

Saltoki mota aintzat hartuta, zenbatekoaren erdia baino gehiago langile gutxien dituzten establezimenduen artean banatuko da: 16,8 milioi euro 1-3 langile dituzten lokalen artean; 11 milioi euro, 4-10 langileko establezimenduetan; eta gainerakoa, 2,5 milioi euro,10 langile baino gehiagoen artean.

Hiru langile arteko establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute; 4 eta 10 langile artekoek, 3.500 euro, eta 10 langiletik gorako establezimenduek, berriz, 4.000 euro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)