JUBILAZIOA ETA PENTSIOAK
Erretiroaren adin legala 66 urtera igoko da 2021eko urtarrilean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pentsioa kalkulatzeko 24 urte kotizatu beharko dira, eta ordaindutakoaren araberako gutxieneko pentsioen zenbatekoak 2 eta 11 euro artean igoko dira urtarriletik aurrera.
2021ean pentsioaren % 100arekin erretiroa hartu nahi duten langileek 66 urte beteta izan beharko dituzte gutxienez, 2013an egin zen pentsio-erreformaren arabera. Erreforma horretan, erretiro-adina 65 urtetik 67 urtera igotzen zen pixkanaka-pixkanaka, 15 urteko epean.
66 urte eskatuko zaizkie 37 urte eta hiru hilabete baino gutxiago kotizatu dutenei. Aldiz, 37 urte eta hiru hilabete baino gehiago kotizatuta dutenen kasuan, 65 urterekin hartu ahal izango dute erretiroa, pentsioaren % 100arekin.
2013ko erreformarekin aldatu ez zena erretiro-pentsio kontributiboa jaso ahal izateko gutxieneko kotizazio-baldintza da. Gutxienez 15 urte kotizatuta izan behar dira horretarako, eta horietako bi erretiroa hartu aurreko 15 urteetan kotizatu behar dira.
Gainera, datorren urtean pentsioak kalkulatzeko epea urtebete igoko da 2020arekin alderatuta, gaur egungo 23 urtetatik 24 urtera artera, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du urtarrilaren 1etik aurrera, azken 24 urteetako kotizazioen arabera kalkulatuko dela pentsioa.
Erretiro partziala
Langileek erretiro partziala hartu nahi badute, enpresak errelebo-kontraturik egin gabe, gutxieneko adina kasu bakoitzean aplikatzekoa den erretiro-adin arrunta izango da.
Enpresak errelebo-kontratu bat egiten badu erretiro partziala hartzen duen langileak lan egiteari uzten dion denbora estaltzeko, erretiro partziala hartzeko gutxieneko adina 62 urtekoa izango da urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta langileak gutxienez 35 urte eta hiru hilabete kotizatu baditu, edo 63 urtekoa 33 urte kotizatuta izanez gero.
Gutxieneko pentsioak
Kontribuziozko gutxieneko pentsioak hilean 2 eta 11 euro artean igoko dira gutxi gorabehera, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako % 0,9ko errebalorizazioarekin.
Zehazki, % 0,9ko igoerarekin, ezkontidea ardurapean duten 65 urteko erretirodunen gutxieneko pentsioa hilean 851 eurokoa izango da, 14 ordainsaritan; ezkontiderik gabekoena 689,7 eurokoa, eta ardurapean ez dagoen ezkontidea dutenena 654,6 eurokoa.
65 urte baino gutxiago dituzten erretirodunen kasuan, 2021erako gutxieneko pentsioa hilean 797,9 eurokoa izango da, ezkontiderik gabe hilean 645,3 eurokoa, eta ardurapean ez dagoen ezkontidea dutenena hilean 609,9 eurokoa.
Bestalde, erretiroko gehienezko pentsioa hilean 2.707,49 eurokoa izango da, hamalau ordainsaritan.
Gutxieneko alarguntza-pentsioak
Gutxieneko alarguntza-pentsioak hilean 4,7 eta 7,2 euro artean igoko dira 2021ean, egoeraren arabera. Zehazki, familia-kargak dituzten titularren gutxieneko alarguntza-pentsioa 797,9 eurokoa izango da hilean.
65 urte baino gehiago izanez gero edo % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna izanez gero, alarguntasun-pentsioa gutxienez 689,7 eurokoa izango da hilean.
Alarguntza-pentsioaren titularrak 60 eta 64 urte bitartean baditu, hilean 645,3 eurokoa izango da; 60 urtetik beherako onuradunen kasuan, berriz, prestazioa hilean 522,5 eurokoa izango da.
Bestalde, baliaezintasun handiko kotizaziopeko gutxieneko pentsioa hilean 1.276,5 eurora igoko da ezkontidea bere kargura izanez gero, eta 1.034,6 eurokoa izango da ezkontidearen kargura ez badago.
Ezkontidea ardurapean duten 65 urteko titularren ezintasun absolutu edo osoagatiko gutxieneko pentsioa 851 eurokoa izango da hilean, eta ezkontiderik ez dutenena hilean 689,7 eurokoa.
Umezurtzak
Zurztasun-pentsioen kasuan, gutxieneko zenbatekoa hilean 210,8 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko. Onuradunak 18 urte baino gutxiago baditu eta % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna badu, berriz, 414,7 eurokoa izango da hilean.