Manifestazioa
ITPren Sestaoko eta Barakaldoko lantegietan kaleratzeak errefusatu dituzte
E. L. | EiTB Media
Beharginek, senideekin batera, Sestaoko Kasko plazatik Barakaldoko Herriko plazara manifestazioa egin dute. Ehunka pertsonak parte hartu dute protestan.
ITP Aero Castings (PCB zaharra) lantegietako beharginek manifestazioa egin dute larunbat honetan. Sestao eta Barakaldo lotu dituzte ibilbidean. Zuzendaritzak planteatutako 133 kaleratzeen aurka protesta egin dute manifestariek.
Langileek, senideekin batera, Sestaoko Kasko plazatik Barakaldoko Herriko plazara manifestazioa egin dute. Ehunka pertsonak parte hartu dute protestan. Lan-erregulazioko espedientearen aurkako eta enpleguaren aldeko leloak errepikatu dituzte mobilizazioan.
Manifestazioaren amaieran beharginek adierazpen bat irakurri dute. “Denbora agortzen” ari dela ohartarazi dute langileek. Abenduaren 24an, “azken orduko ezustekorik ezean”, zuzendaritzak 133 langile kaleratzeko “agindua” emango du, lan-erregulazioko txostena eskuan duela.
Ohartarazi dutenez, zuzendaritza “oker dago”, egun horretan “hau bukatu” dela pentsatzen baldin badu, txostenarekin familiak “deuseztatzerik onartuko” ez dutelako, ITPko langileek posible den “toki guztietan borrokan jarraituko dutelako”.
Ezkerraldeko herritarrek emandako babesa eskertu dute beharginek. Egoerari “aurre” egiten jarraitu eta Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan “kaleratzerik onartuko” ez dutela adierazi dute.
Gaur ere argi geratu da, ezkerraldeak ez du kaleratzerik onartuko!!
— LAB Ezkerraldea (@LEzkerraldea) December 19, 2020
ITP despidorik ez!!!
Obrero despedido, patrón colgado!!! pic.twitter.com/3OqCMHEaIF